Mikel Zabalzak Broad Peak-eko espedizio arrakastatsua izango du hizpide Altsasun

Guaixe 2011ko apirilaren 8a

Mikel Zabalza alpinista ezaguna bihar, larunbatean, Altsasun izanen da, Broad Peak-ari buruzko proiekzioa aurkezten. Jakina denez, Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalza mendizale euskaldunek Naturgas Broad Peak 2010 espedizioa burutu zuten iaz, BAT Basque Team eta Naturgas Energiaren babespean, Broad Peak-eko trilogia osatuz, hau da, bertako hiru gailurretara igoz: iparraldekora (7.550 m), erdikora (8.013 m) eta nagusira (8.047 m). Hirurak estilo alpinoan egin zituzten, eta, gainera, bide berri bat zabaldu zuten. Oso igoera konplikatua izan zen. Himalayan historia egitea lortu dute hiru mendizaleek. Broad Peaken egindako balentriaIñurrategik, Vallejok eta Zabalzak ondo trinkotutako taldea osatzen dute eta kirolaren elitean kokatu dira. Uztailaren 15ean 4.900 metrotan kokatutako Kanpaleku Nagusitik atera ziren, goizez, eta hurrengo gaua aire zabalean eta 7.350 metroko altitudean igaro ondoren, uztailaren 16an, 17an eta 18an, eta alpetar estiloan, hau da, soka finkorik eta oxigenorik gabe eta kanpoko laguntzarik gabe, Alberto Iñurrategik Broad Peakeko tontorrak bata bestearen atzetik igo zituen, alpinismoaren historian hirugarrenez. Uztailaren 16an iparraldeko gailurrera (7.550 m) iritsi zen Iñurrategi, bakarrik, eta hurrengo egunean, hiru mendizaleak erdiko gailurrera heldu ziren (8.013m), segidan atseden hartzeko 7.100 metroko altituderaino jaitsiz. Eta, hurrengo egunean, uztailaren 18an, Iñurrategik gailur nagusia igo zuen (8.047m), bakarrik. Oso gogorra izan zen espedizioa hirurendako. Hiru tontorrak Kanpaleku Nagusira jaitsi gabe lotu zituzten, eta, gainera, bide berri bat ireki zuten. Espedizio ikusgarri hori ekarriko du Zabalzak Iortia kultur gunera bihar. Proiekzioa Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatu du eta 19:30ean abiatuko da. Sarrera 3 eurokoa izango da.  Jakina denez, entzuleek nahi beste galdera egin ahalko dizkiote Mikel Zabalza alpinista handiari. Mikel Zabalza mendizale beteranoa da, eta 20 urte baino gehiago daramatza eskalatzen eta mendiak igotzen. Esperientzia handiko alpinista da eta mundu guztian barrena ibili da: Pakistanen, Nepalen, Indian, Patagonian, Tierra de Fuegon, Antartidan...