Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eguraldi onak presente egon nahi izan zuen Altsasuko Mendigoizaleek antolatutako Hiru Mendi Zerrak mendi ibilaldian. Aipatu ibilaldi ez lehiakorra bi zirkuitutarako baliagarria zen: Nafarroako Mendi Ibilbideen Zirkuiturako eta Euskal Herriko Mendi Ibilbideen Zirkuiturako. Bada, azkenean 520 mendizalek bat egin zuten deialdiarekin eta goizeko 7:00etan, oraindik gaua zela, Altsasuko Gure Etxeatik abiatu ziren ibilaldi ederrari aurre egiteko asmoz. Bi ibilbide egiteko aukera zegoen: ibilbide handia, 52 kilometrokoa eta 2.300 metroko desnibelekoa, eta txikia, 26 kilometrokoa eta 900 metroko desnibelekoa. Gehienek lehenengo aukera hautatu zuten.Horrela, Altsasutik barrena Urdiainera heldu eta Portuazpitik gora Urbasa-Andiako parke naturalera igo ziren; aipatu parke naturala zeharkatu eta Bargagainera (1.153 m, ibilbideko punturik altuena) eta Gainsolera ailegatu ziren. Bertatik Ziordiraino jaitsi eta gero Alzaniako mendizerrara jo zuten, Kipular igotzeko (1.059 m). Orobetik eta Sorozarretatik jaitsi ondoren, Balankaleku (983 m) eta Intxusburu (946 m) igo zituzten. Handik jaitsierari ekin zioten eta Sarabetik eta San Pedrotik barna Altsasuko Gure Etxeara heldu ziren. Azkarren ibili zirenak - batzuk mendi ibilaldia korrikan egin zuten - eguerdirako iritsi ziren Altsasura, eta azkenak, aldiz, arratsaldeko seietan.Ibilaldiaren hasieran haizeak jo egiten zuen, baina gero eguraldi polita egin zuen, mendizaleek gustura hartu zutena. Ibilbidearen edertasuna nabarmendu zuten gehienek, eta baita gogortasuna ere. Eta antolakuntzarendako loreak ere izan ziren, mendizaleek antolakuntza ona eta jaki eta edari hornidura bikaina nabarmendu baitzuten. Fruta, edari, jogurt, txokolate, fruitu lehor eta ohiko elikadurez gain, mendizaleek magrak tomatearekin eta gisatua dastatzeko aukera izan zuten. 50 pertsona inguru aritu ziren antolaketan. Urtero moduan DYAk ibilaldia zaindu zuen, eta ez zen aparteko arazorik gertatu. Hortaz, beste behin ibilaldi arrakastatsua izan zen Altsasukoa.