Udalaren aurrekontuen luzapenarekin ariko da

Guaixe 2011ko apirilaren 7a

Iazko aurrekontuak oinarri hartuta aldaketa saila prestatzen ari da alkatetzako taldea, premia gehien duten lanek aurrera egitekoMartxoaren 25ean egindako bilkuran Altsasuko Udalak ez zituen NaBaik aurkeztutako aurrekontua onartu. Koalizioak IU-EBren abstentzioa besterik ez zuen lortu. Ezker abertzaleak, PSOEk eta UPNk kontrako boza eman zuten. Beraz, iazko aurrekontuen luzapenarekin ariko da aurten Altsasuko Udala. Legegintzaldi honetan egoera hori errepikatzen den bigarren aldia izanen da. Beraz, aurrekontu aldaketak adostu beharko ditu udalak gastuak egin ahal izateko. Unai Hualdek esan digunez, premiazkoenak prestatzen ari dira hurrengo Ogasun Batzordean aurkezteko. Alkateak azaldu duenez, "aldaketa horiekin ez du mailegurik planteatzen". Aurrekontuak lantzeko udaleko taldeek egindako bileretan adostu zuten mailegu berririk ez eskatzea inbertsioei aurre egiteko. Hualdek nabarmendu du udalaren zorpetze maila baimenduaren azpitik zegoela. Estatuak administrazioak ez zorpetzeko debekua jarri duenez, horrek heldu den urteko lau urteko planaren bidez egiteko asmo zeuden lanei eragiten die zuzenean, Amaia, Gipuzkoa eta Bakea kaleen eta Iruñea etorbidearen saneamendu lanak hain zuzen. Haur eskola0-3 zikloa hartuko duen eraikineko lanen finantziazioa hizketa gai izan zen bilkuran. NaBaik proposatu zuen Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen bat sinatzea, aurten 203.000 euroko diru-laguntza jasotzeko eta horrela eraikina ixteko. Lan horiek egiteko beste diru zati bat Otadiko lur-sail baten salmentatik atera nahi zuen koalizioak. Alderdi guztiak haur eskola premiazko jo zuten. Baina lanak aurrekontuetan sartzeko modua eta finantziazio era alderdien arteko iritzi kontrajarriak sortu zituen.  IritziakIU-EB-k arduragatik eta udal berriarekiko begiruneagatik abstenitu zen. Hala ere, Sakanako Mankomunitateari egindako ekarpenekin edota ikastolarendako diru-sailarekin kritiko azaldu zen. Alderdi sozialistak inbertsioak emendakin bidez aurkezteko moduarekin ez zen ados agertu. Gainera, sozialistek ikastolaren eta presoen aldeko diru-sailekin ez zeudela ados gaineratu zuten. Ezker abertzaletik esan dute udalak ez duela nahikoa diru aurreikusitako lanak egiteko, eta zorpetze mugak ere horretarako aukerarik ere ez duela ematen.  NaBaik dena egiten badu hurrengo legegintzaldiei hipoteka jasanezina ezarriko diela salatu du ezker abertzaleak. Aurrekontuak onartzeko haur eskolaren gaia "demagogikoki" erabiltzea leporatu dio ezker abertzaleak alkatetzari. Egungo udalaren egoera ekonomikoaren arduradun Aralar eta NaBaiko alkatetzak dira ezker abertzalearendako. "Kudeaketa txar horrekin, azken 7 urteotako egoera jasanezina bihurtu da".Zinegotzi independentistek "urte beteko luzapena" eskatu zuten bilkuran. "Denbora horretan udalak dituen sententziak, Otadiko lursailaren salmenta eta beste sektoreen garapena nola garatzen diren ikusiko genuke. Egoera argituta, egingarriak diren egitasmoak erabakitzeko bermeak izango ditugu". Udalean etxeko ekonomiaren filosofia aplikatzea eskatu du ezker abertzaleak, dirua dagoenean, non gastatu erabakitzea. NaBaik ukatu egin du aurrekontuetan haur eskolaren gaia "demagogikoki" erabili izana. Koalizioak ziurtatu du udalaren gehiengoak hirigintza batzorde batean erabaki zuela emendakin bidez inbertsio plan bat egitea haur eskola egiteko. Eta gehitu du bilera hartan ezker abertzalea ez zela egon. Haur eskola Hezkuntza Departamenduaren laguntzarekin eta Otadiko lur sailaren salmentarekin finantzatuko dela ziurtatu du NaBaik. Koalizioak ezker abertzaleari leporatu dio "nahita, egiteko dauden egitasmoak eta ordainketa konpromisoak zaku berean nahastea". Alkatetzako taldeak esan du egitasmoak "finantziazioa dagoenean" eginen direla. "Egin daitezkeen inbertsioak eginen dira eta gainontzekoak atzeratu eginen dira". Alkatetzatik azaldu dutenez, "ezin da etengabe zintzilik dagoenaren argudioa erabili udalaren edozein inbertsio blokeatzeko". Azkenik, koalizioak gogorarazi du Aralar eta NaBai alkatetzan egon diren legegintzaldietan azpiegitura berriak eta lan handiak egin direla eta udalak dirua aurrezteko gaitasuna izan duela. AurreikusitakoaNaBaik aurkeztu zuen aurrekontua 8.479.241,25 eurokoa zen. 1,4 milioi euro gehiago Aita Barandiaran adinduen egoitza eta Musika Eskolako aurrekontuak kontuan izanda. Alkatetzaren aurrekontu zirriborroan aurreikusita zeuden lanak ziren, besteak beste: Baikolarko plan berezia, kaputxinoen ondoan harri-lubeta egitea, inbertsioak Zelandi eskolan, musika eskolako teilatuan elurra geldiarazlea jartzea, Zumalakarregi plazako estalpeak zaharberritzea eta argiztatzea, hilerrian nitxo berriak egitea, Iortia kultur gunean klimatizatzaile berria jartzea, gaztelekuaren horniketa.