Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Leire Bilbao eta Morkotsen topaketak leporaino bete zuen Altsasuko Iortia kultur guneko areto txikia astelehenean. Leire Bilbaok goxo-goxo kontatu zuen Olagarro bat bainuontzian liburuxka. Idazleak Morkots altsasuarraren marrazkien eta Jorge Cordon irurtzundarraren zuzeneko musikaren laguntza izan zuen. Hiruren artean Altsasuko haurrak istorio barregarrian barneratu zituzten.Giro goxoa lagun, haurrak ipuin berri bat sortzera animatu ziren. Leire Bilbaok gidatuta, Ritxi zorriaren istorioa sortu zuten. Ritxi zorria abeslari bikaina zen. Buruz buru pasatzen zuen eguna. Batean, bakero baten buruan. Bestean, rastafari baten buruan... Istorioa asmatu ahala, Morkotsek irudiak sortu zituen eta Jorge Cordonek une bakoitzari zetorkion musika jarri zuen. Haurrek primeran pasa zuten. "Denondako esperientzia berria izan zen. Haurrak gustura egon ziren eta gu ere poz-pozik atera ginen" esan zigun Morkotsek. Eskerrak eman zizkien Altsasuko liburuzain Maria Luz Oiarbide eta Elena Aristorenari, ekitaldia antolatzeagatik. Liburuaren Asteak jarraipena izanen du gaur eta bihar, Patxi Irurzunen bidaia liburuei buruzko tertuliarekin eta idazlearen hitzaldiarekin.