NUP-ren egunean Acilu protagonista

Guaixe 2011ko apirilaren 12a

Ostiralean, apirilaren 8an Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eguna ospatu zuten. Eguneko protagonista sakandar bat izan zen: Agustin Gonzalez Acilu altsasuar musikagilea. Unibertsitateak Honoris Causa Doktore izendatu zuen "arteen arloan meritu nabarmenak izateagatik". Unibertsitateko Eguneko ekitaldi nagusian egin zuten izendapena, Iruñean. Bertan izan ziren Unibertsitateko eta Nafarroako Gobernuko agintariak. Gainera, Nafarroako kultur ordezkaritza zabala izan zen. Altsasuko musikariak familiaren babesa izan zuen. Julio Lafuente errektorearen hitzen ondoren, inbestitzeko ekitaldia izan zen. Iruñeko musikagile Teresa Catalanek egin zuen laudatioa. Ondoren, Gonzalez Aciluk hartu zuen hitza. Altsasuarrak izendapena eskertu zuen eta bere ibilbidea errepasatu zuen. Bere hitzetan, "atonalismoak markatu du" bere ibilbidea. "Garai hartako soinuen artistengan eragin handia izan zuen, inoiz gainditu ez genuen eragina" adierazi zuen. "Musika adierazteko aurkitu dudan erarik onena da" esan zuen.Altsasuko "musikaren langilearen" izendapen egunean ezin musikarik falta. Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko Orkestrak eta Unibertsitateko Abesbatzak jarri zuten musika. Gainera, egunak merezi zuen bezala, Gonzalez Aciluren Límite III obra mustu zen. Anna Siwe biolinistak jo zuen.    Agustin Gonzalez Acilu NUPeko bederatzigarren Honoris Causa doktorea da, besteak beste, Rafael Moneo, Pedro Migel Etxenike eta Montxo Armendarizen ondoren. Ibilbide oparoaAgustin Gonzalez Acilu (Altsasu, 1929) XX. mendeko 60ko hamarkadako berritzaile nagusietako bat izan da. Oraindik ere mugarik ez duen ibilbide musika zabalean zenbait sari jaso ditu. Bi aldiz jaso du Musika Sari Nagusia (1971n eta 1998an). 2009an, Madrileko Goi Mailako Erret-Kontserbatorioaren Urrezko Domina jaso zuen, musikari nabarmenek jasotzen duten saria. Urte berean, Nafarroako Gobernuak Kultura Vianako Printzea Saria eman zion.