Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Erkudengo ama abesbatza Katalunian izan da asteburuan. Altsasuarrek kontzertua eskaini dute Bartzelonako Castellterçol herrian. Kataluniarrak Nafarroan izan ziren urrian. Kontzertuak eman zituzten Iruñean, Lizarran eta Altsasun. Sakandarren tratuarekin eskertuta eta inguruko mendiez liluratuta joan ziren. Itzuliko bidaian, esku zabalik hartu dute Altsasuko abesbatza. Castellterçol 2.000 biztanle inguruko herri koxkorra da, baina eliza leporaino bete zen Erkudengo ama abesbatzaren kontzertuan. Altsasuarrek kontzertu anitz eta atsegina eskaini zuten: lehen zatian, musika sakroa, musika modernoa eta Hego Amerikako folklorea eskaini zuten, eta bigarren zatian, euskal folklorea nagusitu zen. Hasiera-hasieratik ikusleek txalo zaparradarekin erantzun zuten; "herritarren harrera beroarekin animatuta, abesbatzak bikain entzun du" esan digu abesbatzako zuzendari Inma Royok. Kontzertua amaitzeko, Castellterçoleko abesbatzak festarekin bat egin zuten. Bi abesbatzek elkarrekin abestu zituzten Maitia nun zira eta Russinyol. Herritarrek esker onez hartu zuten kataluniar abestia. Altsasuarrek Kataluniako txokoren bat ezagutzeko aukera ere izan dute. "Nekatuta, baina pozik" itzuli dira.