Atxu Aierraren ikuspuntua Iortian

Guaixe 2011ko apirilaren 15a

Atxu Aierra tafallarrak bere begirada ekarri du Altsasura. Argazkilari nafarraren erakusketa forma, kolore eta egiturekiko pasioaren isla da. Bere eguneroko bizitzako zenbait une izoztu eta argazki-erakusketan bildu ditu. Besteendako gauza arrunta dena artera eraman du. Gakoa bere ikuspuntuan dago. ErakusketaKazulak, botilak, arrautzak, kalabazak, hesiak, kanikak, paretak, hostoak... Egunero inguruan ikusten ditugun objektuak ikusi daitezke Atxu Aierraren argazki-erakusketan. Tafallako argazkilariak testura, forma, kolore, egitura eta espazioan jartzen du indarra. Ikuslea egunerokotasunez betetako une bereziekin zipriztindu nahi du. Objektu arrunten argazkiak multzokatuta, batasun inperfektu eder bat sortu du. IbilbideaAtxu Aierra argazkilariak bakarkako erakusketak egin ditu Nafarroako zenbait herritan, besteak beste, Tafallan, Zizurren, Lizarran, Zangozan eta Agoitzen. Hainbat liburu eta aldizkaritako argazkiak egin ditu eta zenbait CD-ren azalak egin ditu. Gainera, Nafarroako zenbait argazki eta kartel lehiaketetan saritua edo finalista izan da. Herrialdeko argazkilarien rally eta topaketetan parte hartu ohi du. ErakusketaApirilaren 15etik maiatzaren 8ra, Altsasuko Iortia kultur gunean. Igandetik astelehenera 18:30etik 21:00etara.