Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Apirilaren 16an, larunbatean, 20:30ean, eta 17an, domekan, 12:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean. Sarrera: 4 euro (bazkideek 3 euro) Sakanako Haize Berriak banda Iortia kultur guneko oholtza gainera igoko da larunbatean eta domekan. Bi kontzertuetan bi protagonista nagusi izanen dira: tronboia eta XX. mendeko musika. Larunbatean, Haize Berriak bandak Dando la vara tronboi ikastaroko irakasleen laguntza izanen du. Domekan, berriz, ikasleen tronboi ensembleak izanen dira protagonista.Orkestren iraultzaXX. mende hasieran iraultza izan zen orkestretan. Konpositoreek gero eta denbora gehiago eskaini zioten etengabe gorantz zihoan taldeari: haize orkestra edo bandari. Sakanako Haize Berriak bandak konpositore haien lana eskertu nahi izan du. Haiei eskainiko die larunbateko kontzertua. Grainger, Holts, Vaugahan Williams, Walton eta Rimsky Korsakoven obrak eskainiko dituzte.Sakanako bandak luxuzko bakarlariaren laguntza izanen du, Gilles Milliere tronboi jolearena. Frantziarrak Holsten banda eta tronboiarendako kontzertua eta Rimsky-Korsakoven tronboiarendako kontzertua joko dute.Ikasleen kontzertuaDando la vara tronboi ikastaroko ikasleek kontzertu ederrarekin agurtuko dute asteburua. Igande eguerdiko kontzertu atsegin eta anitzak protagonista argia izanen du: tronboia.Kontzertuaren lehen zatian, Haize Berriak bandak eta Gilles Milliere maixuak Holst eta Rimsky-Korsakoven tronboiarendako kontzertua eskainiko dute. Bigarren zatian, berriz, Dando la vara ikastaroko ensemble edo taldeek erakustaldia eginen dute. Amaitzeko, Meredith Willsonen 76 trombones obra eskainiko dute.Goi mailako tronboi ikastaroaHaize Berriak Bandak, Nafarroako Banden Federazioaren laguntzarekin, Dando la vara tronboi ikastaroaren bigarren edizioa antolatu du astebururako. Sakanako bandak goi mailako irakaslea gonbidatu du: Gilles Milliere, Parisko Goi Mailako Kontserbatorioko irakaslea. Harekin batera, irakasle lanetan izanen dira Victor de Andres, Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko irakaslea, eta Marco Bellizzi, Gasteizko bandako bakarlaria.Ikasleak lau mailatan banatuko dira: oinarrizko mailako lehen ziklokoak (musika eskola), oinarrizko mailako bigarren ziklokoak (musika eskola), erdi mailakoak (kontserbatorioan sartzeko prestatzen ari direnak eta erdi mailakoak), goi mailakoak eta musikari profesionalak. Iaz bezala, ikastaroak erantzun ederra izan du. Asteburuan 30 tronboi-jole baino gehiago bilduko dira Altsasun. Nafarroatik, EAEtik, Aragoitik eta Gaztela Leondik datoz. Gilles Milliere tronboi joleaGilles Millierek Parisko Kontserbatorio Nazionalean amaitu zituen goi mailako tronboi ikasketak. 1972tik 1992ra Parisko Operako orkestrako lehenengo bakarlaria izan zen. Tronboi-jole bezala, nazioarteko sari ezagunak irabazi ditu, besteak beste, Pragan, Munichen eta Genevan. Sarien laguntzarekin, bakarlari karrera bikainari ekin zion.1982an, 30 urte baino ez zituela, Pariseko Goi Mailako Kontserbatorio Nazionaleko tronboi irakasle izendatu zuten. Pedagogian lan itzela egin du Frantzian nahiz atzerrian.