Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburu honetan Nafarroako Kirol Jolasen Irristaketa Pistako finalak jokatu ziren Txantrean, ekainean jokatuko den Espainiako Txapelketan aritzeko klasifikatorioak edo sailkagarriak zirenak. Haur, gazte eta junior mailakoak aritu ziren. Bada, Iruñeko Amaya klubean aritzen den Saioa Baztan altsasuarrak sekulako maila eman zuen haurren mailako 300 metroko sprint proban. Zilarrezko domina golkoratu zuen altsasuarrak, eta horretaz gain, jokoan zeuden gainontzeko probetan laugarren postu bat eta bosgarren postu bat lortu zituen. Emaitza paregabe horiei esker ekainean jokatuko diren Espainiako Irristaketa Pista txapelketan aritu ahal izango da Saioa. Zorionak!Gure klubetakoak, ongiSakanako klubetako irristalariek - Olaztiko Sutegi, Altsasuko Irristaketa Taldea eta Urdiaingo Aitziber - ongi lan egin zutela azaldu du euren monitore Juli Acebesek. Proba bakoitzeko lehendabiziko zortziak sailkatzen ziren, eta Sakanako klubetako 10 irristalarietatik 8 sailkatu ziren. Nahiz eta dominarik ez jaso, oso balorazio ona egin dute. Bestalde, larunbatean, apirilaren 16an, kategoria guztietako irristalariek proba dute Antsoainen.