Eguerdiek badute soinu banda

Guaixe 2011ko maiatzaren 5a

Astearte eguerdian egin zen aurtengo ezkila errepika. Elizako kanpai-dorrera igo ziren Enrike Zelaia, Jesus Bengoetxea Azpiroz eta Asier Beramendi Gallo. 17 minutuko errepika egin zuten. Aurrenekoa jubilatua dago, baina beste bi kideak lanetik atera ziren errepikan parte hartzeko. Irailaren 14ra arte soinu banda izanen du eguerdi altsasuarrak. Baina ezkila-joleen lanagatik ez dago ziurtatzerik egunero aritzeko aukera izanen duten. Horregatik, gazte altsasuarrei udako oporretan bertan parte hartzera animatu zieten. "Zarata ateratzea uzten dizute eta, gainera, tradizioa da" esan zuen Beramendik. Hiruak ere ezkila-dorrera igotzeko nahiko lan izan zuten. Usoen aterpe bilakatu da aspaldi eta haien kaka artean igo behar izan zituzten eskailerak eta ezkilak jo. Dorreko bobedan sarea jartzea konponbidea litzatekeela ziurtatu zuten.