Altsasuko inauteriak Lisboako desfilean

Guaixe 2011ko maiatzaren 4a

Azken aldiz ihote asteartean atera zen kalera Altsasuko Inauteriak taldea. Garizuma amaitu  bezain laster, atzera ere erakustaldia egin du Burundako taldeak. Oraingo honetan Lisboako Iberiako Maskaren 6. Desfilean parte hartu dute. Beste behin ere nazioartera zabaldu dituzte Altsasuko ihote bereziak.JaialdiaAltsasuarrek ostegun gauetik igandera egin zuten bidaia autobusez, asteburuan Lisboako desfilean parte hartzeko. Inauteri batzordeko 35 bat lagunek parte hartu zuen desfile koloretsuan. "Altsasuko Inauteriak. Altsasu. Euskal Herria" zihoen bidea irekitzen zuen kartelak. Haren atzetik, bandera eta estandartea eskutan, harro abiatu ziren desfilean altsasuarrak. Batetik, ereintzako pertsonaiak zeuden; bestetik, bi Juantranposo; haien atzetik, Momotxorro xaxatzaileak Haize Berriak taldeko boluntarioen fanfarrearekin; azkenik, konpartsa ixten, akerra eta sorginak zihoazen, akordeoi eta panderoek girotuta. Ihote konpartsak Lisboa erdialdeko karrika nagusiak zeharkatu zituen eta guztiak jendez gainezka zeuden. Ikusleei Altsasuko ihoteen magia erakutsi nahian, izugarri gozatu zuten. Haien ahaleginak fruitua izan zuen eta ikusleak ospakizunean sartu ziren; portugaldarrak, Juantranposo edo Momotxorroen probokazioei erantzun, eta ihote giroan murgildu ziren. "Udaltzainek Momotxorroek bultzatuta desfilean sartu zen herritar bat atera zuten" aipatu digu Enrike Zelaia kuriositate gisa. Momotxorroak, Sorginak eta Juantranposoak ikusleak xaxatu eta eraso zituzten. Baina haiek ere jaso zuten: Lisboako eguzkiak ederki berotu zituen. Juantranposoek sufritu zuten gehien. Progestur turismo kulturala sustatzeko agentziak gonbidatuta, 23 herrietako ihoteen ordezkaritza izan zen Lisboako jaialdian. Altsasuarrez aparte, Portugalgo, Irlandako, Espainiako eta Cerdeñako taldeak zeuden. Desfile luze eta anitzean, beste behin ere ikusleek gogotsu hartu zuten Altsasuko inauterien parte hartzailea eta xaxatzailea.Nazioartean zabaltzenAurten 30 urte bete dira altsasuarrek herri ihoteak berreskuratu zituztela, eta ikasturtea ezin interesgarriagoa izaten ari da. Urte hasieran Belgikako Brincheko nazioarteko mozorroen museorako ateratako argazkien berri izan genuen. Ondoren, ilbeltzaren amaieran Bulgariarako bidea hartu zuten. Pernikeko Nazioarteko Mozorroen Jaialdian parte hartu zuten. Han izandako arrakastak nazioarteko zenbait ate ireki dizkie. Hain zuzen, bertan jaso zuten Lisboako desfilean parte hartzeko gonbidapena. Ez da hor amaituko Altsasuko inauterien zabalpena. Enrique Zelaiak jakinarazi digunez, datorren urtean Nizako (Frantzian), Cerdeñako eta Pernikeko (Bulgaria) jaialdietan parte hartzera gonbidatu dituzte. Talde egonkor baten faltan, bidaien bideragarritasuna aztertu beharko dute.