Andueza eta Misiego Espainiako Txapelketan

Guaixe 2011ko maiatzaren 3a

Apirilaren 15etik 20ra mini basket kategoriako Espainiako Saskibaloi Txapelketa jokatu zen Cadizeko San Fernandon. Nafarroako selekzioarekin Altsasuko Saskibaloi Taldeko bi kide aritu ziren: Nerea Andueza jokalaria eta Garazi Misiego entrenatzailea. Honek argi erakusten du Altsasuko taldean lan bikaina egiten dela, selekziorako jokalariak ateratzen baitira. Aipatutakoa esperientzia bikaina izan da biendako, egun horietan 400 kirolari ingururekin batera egin baitzuten elkarbizitza, ostalaritza-gune berean. Nafarroako selekzioak 5 partida jokatu zituen Katalunya, Valentziako Komunitatea, Balear Irlak eta Aragoiren kontra taldeen arteko fasean. Azkenik, Gaztela Leonen kontra lehiatu ziren 9. postua eskuratzeko lehian. Nafarroak irabazi zuen partida hori, 61-52.