Bihar II. Razesa Duatloi Sari Nagusia jokoan

Guaixe 2011ko maiatzaren 6a

Goizeko 11:00etan Nafar Kirol Jolasen Duatloi proba hartuko du Altsasuk, eta 16:30ean nagusien proba jokatuko da, aldi berean II. Nafarroako Sprint Distantziako Txapelketa izango denaArbizuren txanda hartuta, duatloiaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko du bihar, maiatzaren 7an, larunbatean, Altsasuk. Sakanako Triatloi Taldeak antolatuta, II. Razesa Duatloi Sari Nagusia jokatuko da bihar arratsaldean Altsasun. Sakanako Mankomunitatearen, Altsasuko Udalaren, Dantzaleku Sakana Atletismo Klubaren eta Nafarroako Triatloi Federazioaren laguntza eta makina bat babesleren babesa izan dute horretarako. Proba bi duatloi zirkuiturako baliagarria izango da, Nafarroako Zirkuiturako eta Vasco-Navarro Zirkuiturako, eta aldi berean II. Nafarroako Sprint Distantziako Txapelketa izango da, maila absolutuan, beteranoan eta 23 urtez azpikoan. Duatloia gehiago bulkatzeko eta Arbizuko proba osatzeko antolatu zen iaz lehenengoz aipatu proba, aurten segida izango duena. Goizean kategoria txikikoakNobedade moduan, goizeko 11:00etatik aurrera Nafar Kirol Jolasen Duatloi proba hartuko du Altsasuko Foruen Plazak. Helburua sakandarren artean eta, bereziki, gazteenen artean duatloia bulkatzea da. Benjaminak goizeko 11:00etan hasiko dira lanean, kimuak 11:30ean, eta haurrak 12:20an. Altsasuko kaleetan barna prestatutako zirkuituan ariko dira lanean txikienak, eta korrika saioa, bizikleta saioa eta atzera ere korrika saioa egin beharko dute (benjaminek 500 m-2 km-250 m; kimuek 1.000 m-4 km -500 m; eta haurrek 2 km-8 km-1.000 m. Proba bukatuta guztiek opila eta goxoki poltsa bana jasoko dute opari.Izena ematea zabalik egon da www.navarratriatlon.com web gunean, baina oraindik izena eman ez dutenek egunean bertan eman ahal dute izena, goizeko 10:30ak arte. Parte hartzeko beharrezkoa izan behar da mendiko txirrindula eta kaskoa izatea. Dutxa zerbitzua izango da Zelandiko kiroldegian. 16:30ean proba nagusia: 5 km-22 km-2,5 kmII. Razesa Duatloi Sari Nagusian kadeteak eta maila horretatik gorakoak - jubenilak, 23 urtez azpikoak, seniorrak, beteranoak... - ariko dira, 16:30etik aurrera. Izena ematea zabalik egon da www.navarratriatlon.com web gunean. Sprint distantziako proba izango da, eta irteera eta helmuga Foruen plazan izango da. Lehenik eta behin Altsasuko Alde Zaharrean prestatutako 2,5 km-ko zirkuituari bi bira eman beharko diote korrika duatletek, segidan Iortia Kultur Gunearen aurrean dauden boxetan bizikleta hartu eta 22 km-ko distantzia osatzeko. Altsasutik Olaztira jo eta Altamira portua igo eta jaitsiko dute. Ondoren, Iturmendiraino heldu eta bertan buelta hartu eta gero, Urdiain parean igerilekuetako bidea hartu eta San Pedroko zelairantz abiatuko dira, Dantzaleku pasata Iñigo Aritza ikastolako norabidea hartuz. Josefina Arregi zentrotik pasatu ondoren Zelai kalera atera eta Asensio eta Kaixo arteko kalexkatik sartuz bizikleta trantsizio gunean utziko dute. Bukatzeko, bizikleta utzi eta 2,5 km-ko zirkuituari bira bat eman beharko diote korrika, Foruen plazako helmugara iristeko. Proba azkarra baina zorrotza da, eta nahiz eta Altamira aparteko portua ez izan, txirrindula sektorea gorabehera askokoa da. Eta Iortia Kultur gunearen aurrean egonen den boxetako trantsizio gunea oso gertutik jarraitzeko aukera izango dute zaleek. Kasualitatea badirudi ere, aurreko larunbatean Arbizun garaile izan ziren Raul Amatriain eta Ana Casares izan ziren iazko Altsasuko duatloiko txapeldunak. Sakandarrek lan bikaina egin zuten, Sakana Triatloi Taldea talderik onena izan zelako. Francisco Javier Gomez altsasuarra izan zen lehen sakandarra, helmugara hirugarrena heldu eta gero. ArgibideakIzena ematea ostegunean despeditu zen eta horretarako www.navarratriatlon.com web gunera jo beharra zegoen. Federatuek 22 euro ordaindu behar zuten, eta federatu gabekoek 26 euro. Dortsalak Gure Etxeako beheko solairuan jaso beharko dituzte, 11:00etatik 13:00etara edo 14:30etik 15:45era. Proba hasi baino ordu bete lehenago materialaren kontrola pasa beharko dute duatletek. Proba bitartean edari hornidura izango dute eta bukatzerakoan, helmugan, edari eta janari hornidura izango da. Dutxak Zelandi kirol gunean izanen dituzte eskura. Proba behar bezala antolatzeko egunean bertan 30-40 pertsona egonen dira lanean. Zirkuitu guztia behar bezala seinaleztatua egonen da, eta segurtasun arrazoiengatik proba gauzatzen den bitartean Altsasuko zirkuitutik ezingo dira ibilgailuak pasa. Txirrindularitza proban ez da errepidea itxiko eta horregatik arretaz ibiltzeko deia egin zaie txirrindulariei, baina eremu konkretu batzuetan -Altamirako jaitsiera, Urdiain, eta San Pedro gunea- errepidea itxiko da. SariakLehen gizonezko eta emakumezkoak: 200 euro + trofeoaBigarren gizonezko eta emakumezkoak: 125 euro + trofeoaHirugarren gizonezko eta emakumezkoak: 75 euro + trofeoaLehen juniorrek, lehen 23 urtez azpikoek, lehen beteranoek eta lehen sakandarrek (gizonak eta emakumeak) trofeoa jasoko dute. Talde onenak saria jasoko du.Duatleta guztiek oroigarria jasoko dute opari, eta horretaz gain babesleek oparitutako produktuen zozketak izanen dira. www.navarratriatlon.comProbaren informazio guztia: ibilbidea, mapak, sariak eta beste. Horretaz gain, informazio gehiago www.sakana-mank.com eta www.dantzalekusakana.com web guneetan.