Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Udaleko Gobernu Batzordeak apirilaren 18an egindako bileran erabaki zuen. Udalak behin betiko onartu zuen errepartzelazio egitasmoa. 2007ko epai batek Altsasuko Udalari Otadiako urbanizazioaren zati bati Alde Zaharreko hirigintza erregimena ezartzea behartu zion. Udalak Lurralde Antolamendu Departamentuarekin itxitako akordioen ondoren heldu da egitasmo berria, epaiak zioena jasotzen duena. Altsasuko Udaleko gehiengoak adostu zuen.Altsasuko Udalak Otadian duen 2.287 m2ko lursailean babestutako etxebizitzak eginen dira. Behe solairua eta 3 alturako eraikina jasoko da. Zazpi ataritan banatuta 42 pisu eraikitzeko aukera izanen da. Gainera, eraikin horren behe solairuan erabilera publikorako 596 m2ko eremua egonen da. Unai Hualde alkateak jakinarazi duenez, udalak hartutako erabaki horrekin Otadiako babestutako etxebizitzen kopurua %10 haziko da. Altsasuko Udalak ere Otadiako sektorearen kontua likidatzea erabaki du. Kooperazio bidez egin zen urbanizazioa eta, beraz, lurjabeek haien jabetzaren arabera ordainduko dute, guztien artean 2,91 milioi euro bildu arte. Horretarako, 2008an udalak lurjabeei abalak eskatu zizkien.