Ikastetxe arteko VII. Herri Kirol Topaketa hurrengo asteazkenean Altsasun

Guaixe 2011ko maiatzaren 4a

Sakanako Mankomunitateak antolatuta, Ikastetxe Arteko VII. Herri Kirol Topaketa izanen da hurrengo asteazkenean, maiatzaren 11n, Altsasuko Burunda pilotalekuan, goizeko 10:00etatik aurrera. Kañamares anaiek trontza eta aizkora erakustaldia eginen dute, eta ondoren Sakanako ikastetxeetan 6. mailan dabiltzan ikasleen arteko herri kirol proba konbinatuaren txanda helduko da. Txingak, zaku lasterketa, koxkolak, giza-plaza eta sokatira probak egin beharko dituzte. Taldeak osatzeko ikastetxe ezberdinetako ikasleak nahasiko dituzte, euren arteko harremana bulkatzeko. Ez da sailkapenik egongo, parte hartzea eta jai giroa bulkatuko da. Guztira 248 partaide izango dira, eta 18 ikasle laguntzen.