Arfek 157 langile izaten jarraitzen du

Guaixe 2011ko maiatzaren 5a

Langileek kudeatzaileei eskatu diete ondasunik ez saltzeko, lantegia martxan jartzeko beste aukera guztiak aztertu bitartean. Aztertuko dituzten aukeren artean kooperatibarena edo beste enpresa bati saltzearena daudeEpailearen sinaduraren zain daude Arfeko langileak, enpresarekin zuten lotura hautsi eta kalte-ordaina kobratzeko. Bitartean, enplegu erregulazio espedienteari dagokion soldata jasoko dute hilaren 10ean. Aste honetan Arfeko langileek batzarra egin dute eta han enplegu zerbitzuko arduradunek epailearen sinaduraren ondoren zein urrats eman behar dituzten azaldu die.Arfeko enpresa batzordeak, bestalde, epaileak jarritako administratzaileei eskaera zehatza egin die: ez ezazue enpresaren ondarerik saldu. "Gure etorkizuna kaltetu dezakeen ezer ez dezatela saldu". Hala esan digu Luis Victor Rodriguezek, enpresa batzordeko buruak. Langileen ordezkarien asmoa lantegiaren jarduna mantentzeko bide guztiak aztertzea da, "kooperatiba bihurtzea edo beste enpresa bat etortzea eta hau erostea". Rodriguezek jakinarazi digunez, aurki ANEL-ekin (Asociación Navarra de Empresas Laborales) harremanetan jarriko dira, bideragarritasun ikerketa egiteko eskatzeko. Azkenik, Rodriguezek jakinarazi digu enpresa batzordea batzar bat deitzea aztertzen ari dela. "Hainbat esames gaizto zabaldu dira herrian eta horrela horiei erantzun nahi genieke". EzadostasunaArfeko ELA sindikatuak, bestalde, "lotsagarritzat" jo du Arferen bukaera. Sindikatuko kideen iritziz "diskriminatzailea da lehen eta bigarren mailako langileak egotea". ELAtik hori esaten dute langile gehienek urteko 22 eguneko kalte-ordaina jasoko duten bitartean, 14 pertsonek 30 egunekoa jasoko dutelako, lehenek 12 hileko topearekin eta azkenek 15ekoarekin. ELA sindikatuko kideen iritziz 14 langile horiek enpresaren ondasunak likidatuko dutela esatea ez da nahikoa argudio. "Are gutxiago horien artean zuzendaritzako hiru goi kargu daudenean, Arferen kudeaketa txarraren erantzule izan direnak". ELAko kideak ere kexu dira 14 pertsona horiek aukeratu diren moduarekin. ELAk akordioa aldatzeko eskaera egin du.