Artea, moda eta birtziklaia Iortian

Guaixe 2011ko maiatzaren 12a

Hiru hitz horiek laburtzen dute Edurne Ibañez moda diseinatzaile nafarraren lana. Iruñeko gazteak lekua egin du modaren mundu korapilatsuan. Bere eskuetatik pasatako arropek ezaugarri berezia dute: industria hondarrekin eginak daude. Birtziklatutako elementuetatik abiatuta, goi-mailako joskintzan murgildu da. Edurne Ibañezek ostiralean mustuko du erakusketa Altsasuko Iortia kultur gunean. Artista eta moda diseinatzailearen lan sarituenak jendaurrean egonen dira ekainaren 10era arte.Birziklapena oinarriEdurne Ibañezen ustez moda espresio artistiko bat da. Horregatik, sormenarekin lotzen du. "Modan guztia asmatuta dagoela diote, baina irudimenarekin guztia da posible" dio. Orijinalaren bila, Iruñeko diseinatzaile gaztea birtziklatutako arropa egiten hasi zen. "Hasieran aurrezteko helburuz egiten nuen, baina hori bihurtu da nire ezaugarri nagusia" dio. Inspirazioa eguneroko gauzetan aurkitzen du: arropak bideo-zinta, bizikletaren kautxuzko ganbera, latexezko eskularru, plastikozko sare edota arropen etiketekin egin ditu. "Lehen begiradan erabilpenik aurkitzen ez badiet, pentsatzen jarraitzen dut aurkitu arte. Garrantzitsuena detaileetan fijatu eta testura ezberdinak aurkitzea da" dio. Horiek dira bere diseinuen oinarriak eta emaitza ederra eta errepikaezina da. IbilbideaIruñeko moda diseinatzaileak industri delineazioa, moda diseinua eta patronajea ikasi zituen. Iruñean irekitako arropa tailerrean hasi zuen ibilbide profesionala. Ondoren, Philippe Laporte etxearendako lanean hasi zen. Aldi berean, bere diseinuak ere egiten ditu. Iruindarrak zenbait sari irabazi ditu, esaterako, 1999an Estatuko Diseinatzaile Gazte Onenaren Saria irabazi zuen, eta 2010ean, nazioarteko Art&Fashion saria jaso zuen, 35 herrialdetako 600 diseinatzaileren artean nagusituz. Edurne Ibañezek iaz mustu zuen Artea, moda eta birtziklaia erakusketa Zangozan. Urteko erakusketa arrakastatsuenetakoa izan zen. Harrera paregabea ikusita, erakusketa Nafarroako herri batetik bestera dabil. Ostiralean Altsasura iritsiko da.