Hiru institututako 350 musika ikaslek kontzertua eskainiko duteIkasturtea amaierara iristen ari da. Ikasleek notak etxera eramateko garaia dute. Eskas, ongi edo bikain gisako notaz gain, kurtso amaierak musika notak ere utziko ditu. Aralarko Mikel Donea ikastetxeko DBHko musika ikasgaiko ikasleak kontzertua eskainiko dute, Berako eta Lizarrako institutuetako ikasleekin batera. DBHko 1. mailatik 4.era arteko ikasleek batxilergoko ikasle batzuen laguntza izanen dute. Denera, 350 bat ikaslek eskainiko dute kontzertua. Gaur emanen dute lehen emanaldia Beran. Datorren ostegunean, berriz, Altsasun dugu hitzordua.Iñaki Otaño, Sakanako institutuko musika irakasleak esan digunez, kontzertua anitza izanen da. Ikasturtean landutako zenbait abesti joko dituzte: Imanol Urbietaren Behin betiko, Leonard Cohen-en Hallelujah, Europe-en The finalcountdown, Zazpi jauzi, Skalariak taldearen Solo vivir, Sorotan bele taldearen Arratsalde honetan eta abar. Kontzertuaren oinarria txirula izanen da, baina beste musika tresna batzuek ere parte hartuko dute, gitarrak, bateriak eta beste. Musika izanen da protagonista nagusia, baina dantza emanaldiek jantziko dute saioa. Iñaki Otañok, Xabier Loitegik, Joxan Zabalok eta Alex Martinezek zuzenduko dute emanaldia. Musika irakasleek lankideen laguntza eskertu dute. Eskolarteko lagunakNafarroako institutuek urteak daramatzate eskolarteko kontzertuak prestatzen. Urteetan kale egin ondoren, Altsasuko institutuak iaz kontzertuan parte hartu zuen. Helburua musika lantzetik haratago doa. Iñaki Otañok esan digunez, Altsasuko zenbait ikaslek iaz egindako lagunekin harremanetan jarraitzen dute. Gazteendako esperientzia ederra da.