Acilu estreinaldiz estreinaldi

Guaixe 2011ko maiatzaren 18a

Agustin Gonzalez Aciluk Clínamen kantata mustu zuen maiatzaren 3an. Epicuroren testuetan oinarritutako obra Madrilgo Orkestra eta Abesbatzak mustu zuten, Jose Ramon Encinarren zuzendaritzapean. Obra Altsasuko musikagilearen urteetako lanaren emaitza izan da, eta bere aztarna du. Kritikoek lanaren kalitatea, luzera, dentsitatea, forma bikaintasuna eta obrari darion heldutasun eta ziurtasuna azpimarratu dute. Altsasuko musikariak 82 urte ditu, baina oraindik ere lanerako gogotsu dago. Clínamen obrarekin batera, berriki organorako Gárgolas obra estreinatu du. Moneoren Donostiako Iesu eliza berrian mustu zuen Jose Luis Etxetxipia organista nafarrak. "Obra berriak aurreko esperientziaren ondorio dira eta, aldi berean, etorkizunerako perspektiba berria irekitzen du" aipatu zuen Aciluk. Altsasuarra lanean jarraitzeko gogotsu dago.