Katapunk inoiz baino altsasuarrago

Guaixe 2011ko maiatzaren 18a

Katapunk taldeak Agurainen ditu sustraiak, baina inoiz baina altsasuarragoa da. Bertakoak dira Koke abeslaria eta Jon gitarra jolea. Gainera, orain Altsasuko Zelandiko lokaletan entseatzen dute. Bertan sortu da Odio diskoa, taldearen azken lana. Jonek haren berri eman digu. Taldearen ibilbideaKatapunk taldea 2004an sortu zen Agurainen, euskal punkaren harrobian. Bertako zenbait talderen eragina nabarmena da, batez ere aro bat markatu zuen La Polla taldearena. Hala ere, Jonek argi utzi nahi izan du: "Koke La Polla zale itsua da, baina taldekide bakoitzak bere gustuak ditu". Urteak joan urteak etorri Aguraingo taldean aldaketak izan dira. Gaur egun, Koke (abeslaria) eta Jon (gitarra) altsasuarrek eta Beni (gitarra), Fore (baxua) eta Luis (bateria) aguraindarrek osatzen dute taldea. Taldekideek musika ona egiteko eta haien mezua zabaltzeko gogotsu jarraitzen dute. Urtetik urtera kalitatean hobetzen ari dira eta estilo propioa lortu dute. Abeslari eta instrumentuen azkartasunak eta musikalitateak nabarmentzen ditu. DiskoaKatapunk taldeak hiru disko eta maketa bat ditu kalean. Aurreko lanetan bezala, Odio diskoak punk-rock usaina du. Agurainen jaiotako taldean ezin bestelakorik espero. Diskoa 10 abesti zorrotz eta zuzenek osatzen dute. Denetariko gaiak landu dituzte: SGAE, egungo bizi erritmoa, anbizioa... Abestiak gaztelaniaz dira. Diskoa urte beteko lanaren emaitza da. Abestiak elkarlanean sortu dituzte. Odio diskoa taldekideek ekoitzi dute. Kokoren etxean bertan grabatu zuten eta nahasketak Gasteizen egin dituzte. Iñaki eta Gatillazo taldeko Txikiren laguntzarik gabe lana ezinezkoa izanen zen. "Eromena izan da, baina emaitzarekin pozik gaude" adierazi du Jonek. Apirilaren 30ean aurkeztu zuten diskoa Olaztiko Maisuenea Gaztetxean, erantzun ederrarekin. Udan, Espainiako zenbait hiritan jotzekoak dira. Zuzeneko probokatzaileak eskainiko dituzte Leonen, Madrilen, Cambrilsen... Kalera ateratzeko gogoa dute, "Sakanan aski ezagunak gara eta" esan digu Jonek. SalgaiDiskoa salgai dago Altsasuko zenbait tabernetan, 5 eurotan.