Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Tarima Beltza antzerki taldeak antolatutako Antzerki Amateur Zikloa amaitzear dago. Iruñeko Zarrapastra antzerki taldeak agurtuko du zikloa, El marido prudente antzezlanarekin. Nafarroako Margarita erreginak XVI. mendean idatzitako Heptameroneko ipuinetan oinarrituta dago. Bertsio dramatizatua Nieves Oteizak egin du. Obra Margaritarena bezala hasten da: "Iruñeko hirian bazen emakume eder bat...". Nobleen arteko egoera barregarriak, adeitsuak eta nahasiak biltzen ditu: Senarra bere ohorea arriskuan jarriko lukeen desleialtasuna estaltzen saiatuko da; merkatuan, morroi zorrotz eta isekari batzuek haien nagusiei entzundako istorio pikaroak kontatzen dituzte eta nobleen dantzei burla egiten diete...Zarrapastra taldeak esperientzia handia du eta Nafarroan gehien antzezten duen taldetariko da. Tarima Beltzako kideek iragarri zutenez, "ikusleek sorpresa handia hartuko dute aktoreekin, anbientazioarekin eta obrarekin".