Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zalantzarik gabe, Euskaltel-Euskadi Italiako Giroko asteburuko protagonista izan da. Dolomitetako etapa ikusgarri eta aldi berean izugarrietan, jaun eta jabe izan dira talde laranjakoak. Larunbatean Igor Anton bakarrik heldu zen Zoncolan izugarriaren gainera, eraso bikaina eman eta 40 minututan igoera ikusgarria egin eta gero. Eta atzo, igandean, Mikel Nievek talde laranjaren bigarren garaipena lortu zuen, Val di Fassako gainera bakarrik heldu eta gero. Talde laranjak lan bikaina egin du, tartean bertan dabilen Jorge Azanza altsasuarrak, eta zorionik beroenak eman nahi dizkiegu guztiei. Gaur, merezitako atsedena hartuko dute txirrindulariek. Pozik zeuden atzo Euskaltelekoak, bezperan Igor Antonek Zoncolanen emandako erakustaldia eta gero. Baina sorpresak ez ziren hor bukatu, atzo ere kolore laranja izan baitzuen Giroak. Etapa izugarria zen: Giau eta Marmolada portu gogorrak igo eta gero, Gardeccia Val di Fassa gainean despeditzen zen jarduna. Alberto Contador liderraren nagusitasuna ezbaian jartzeko asmoz, erasoa urrutitik jotzea erabaki zuen 18 laguneko talde batek, tartean Garzelli, Aramendia, Nieve, Sastre eta Di Luca zirela. 10 minutuko aldea lortu zuen taldetxoak. Baina Giroko mendaterik garaiena den Giaun hasi ziren erasoak eta txahalaldiak. Ihes zeudenen artean soilik Garzellik eta Mikel Nievek egin zuten aurrera. Garzellik hartu zuen aurrea, Nieve atzean geratuz. Atzerago, faboritoen taldeak ihes egindako gainontzekoak harrapatu zituen, eta faborito gehienak elkarren ondoan igaro ziren Giau mendatetik, baina Marmolada portu gogorra zuten zain. Nievek tartea jan zion Garzelliri portu horretan. Atzean Contadorrek erasoa jo zuen, eta erantzun izan ezinik atzean geratu ziren Igor Anton, Nibali, Sastre eta gainontzeko faboritoak. Etapa izugarria bukatzeko Gardeccia gogorra igotzea geratzen zen, eta igotzen hasi baino lehen harrapatu zuen Mikel Nievek Garzelli. Malda izugarrietan bakarrik egin zuen aurrera leitzarrak, eta sekulako sufrimenduarekin eta ia pedalak eragin ezinik bakarrik heldu zen Gardeccia Val di Fassako helmugara, zazpi ordu t´erdi luze iraun zituen etapa izugarria despedituz. 1:41era sartu zen Garzelli eta 1:51ra Contador. Talde lanak egin zituen Jorge Azanza altsasuarra 72.a izan zen, 27:35era. "Ez neukan indarrik, baina nonbaitetik atera dut neukan apurra. Sekula egin dudan etaparik gogorrena izan da. Inoiz ez nuen ikusi halakorik, eta oso-oso justu iritsi naiz. Baina, zorionez, lortu dut helmugara iristea eta ametsa bete dut" zioen emozionatuta, Nievek. Sailkapen orokorrean Contadorrek jarraitzen du lider, sekulako tartearekin. Scarponiri 4 minutu eta 20 segundo ateratzen dizkio eta Nibaliri 5 minutu eta 11 segundo. Mikel Nieve bosgarrena da, 7:03ra, eta aipatzekoa da Igor Anton 11. Postura jaitsi dela, 9:37ra, atzoko etapan ia 8 minutu utzi eta gero. Jorge Azanza altsasuarra 73.a da, 1:36:13ra. Gaur merezitako atsedenaldia hartuko dute txirrindulariek. Afizionatuak. Moyano azkarrena baina Moreno txapeldunaLarunbatean afizionatuen mailako Lizarra-Azkona arteko lasterketa jokatu zen, aldi berean Nafarroako Txapelketa izan zena. Proba Rural Kutxako Enzo Moyano argentinarrak irabazi zuen, helmugara bakarrik heldu eta gero. Laugarrena talde bereko Antton Ibarguren izan zen, seigarrena talde bereko Paul Kneppers, eta 10.a Fran Moreno. Hain zuzen ere Moreno izan zen 23 urtez azpiko Nafarroako txapelduna. Elite mailako Nafarroako txapelduna, ordea, Lizarteko Martin Iraizoz izan zen. BTT. David Lozano garaile LizarranRural Kutxa BTT Koparako baliagarria zen lasterketa jokatu zen larunbatean Lizarran. Esteve Grup Esportiu taldeko David Lozano izan zen garailea, MSC Bikes taldeko Patxi Ciari bi minutu pasa atera eta gero.