Alkatetza airean

Guaixe 2011ko maiatzaren 27a

Zein izanen da Altsasuko alkatea. Duela lau urte ere galdera bera egin behar izan genuen, hauteskunde emaitzek hainbat aukera eskaintzen baitzuten. Aurten ere hala da. Zerrenda bozkatuena errespetatuz gero, Bilduko alkatea izanen luke Altsasuk. Bestelako koalizioak ere sortu daitezke eta horiek NaBai2011ko alkate bat ekar lezake. Altsasuko Udaletan gutxienez hirutan gertatu izan da zerrenda bozkatuena ez izatea alkatetza lortuko duena. Beraz, ikusteko dago aldeen arteko hartu-emanak zer ematen duten. Ezertan hasi aurretik, aipatu behar da Altsasu izan dela Sakanan abstentzio handiena izan duen herria, %40,25. Hauteskundeen emaitzei dagokionez, Bildu izan da zerrenda bozkatuena, duela lau urte ezker abertzaleko zerrendak baino 160 boto gehiago eskuratuz. Horren emaitza laugarren zinegotzia izan da. NaBai2011k Altsasuko lehen indar izateari utzi dio 186 boto galdu ondoren. Hala ere, lau zinegotzi lortu ditu. Aurreko deialdiarekin alderatuta 26 boto abertzale gutxiago daude eta zinegotzi bat gehiago. Alderdi sozialistak 189 boto eta zinegotzi bat galdu ditu hauteskunde hauetan. Emaitza horretan alderdiaren Espainiako eta Nafarroako joerek eta Iruñetik Altsasuko talde sozialistaren zerrenda atzera bota izanak zein zama duten aztertu beharko dute. Eskuineko bi zerrenda aurkeztu ziren udalera, PP eta UPN. Lehenak 8 botoren aldeaz irabazi zion erregionalistei. Biek ere zinegotzi bana eskuratu dute. UPNk duela lau urte baino 382 boto gutxiago bildu ditu, baina guztiak ez dituzte popularrek jaso. Lau urtetan eskuinak 112 boto galdu ditu. Ezker Batuak, azkenik, 49 boto gutxiago lortuta ere bere zinegotziari eutsi dio. Nafarroako Parlamenturako Altsasun boto gehien jaso dituen zerrenda Bildurena izan da, hori bai, udalerako baino 74 boto gutxiago, baina lau urtetan 12 puntu haziz. Altsasuarren parlamenturako 2. aukera NaBai2011 izan da, baina udalerako baino 119 babes gutxiagorekin eta aurrekoekin alderatuta 8 puntu jaitsiz.  25 boto abertzale gutxiago jaso dira Altsasun parlamenturako. Parlamenturako sozialistak altsasuarren 3. aukera dira. PSNk 260 boto galdu ditu Altsasun. Galera handiagoa izan da UPNrena, 339 boto eta 8 puntuko jaitsiera. Hala ere, udalerako baino 227 boto gehiago eskuratu dituzte erregionalistek parlamenturako. UPNk galdu dituen boto guztiak ez ditu PPk jaso. Hala, eskuinak 82 boto galdu ditu lau urtetan. Ezker Batuak bere oinarriari eutsi dio, babesaren %5 inguru eskuratuz. Udalaren osaketaBildu1. Garazi Urrestarazu Zubizarreta2. Ruben Imaz Alcaide3. Juan Carlos Orellana Bengoetxea4. Hasier Gonzalez LarrañagaNaBai 20111. Mª Asunción Fernandez De Garayalde De Lazkano2. Unai Uhalde Iglesias3. Jose Angel Agirrebengoa Imaz4. Santiaga Luceño AriasPSOE1. Maria Josefa Notario Grados2. Francisco Javier Donlo BecerrilUPN1. Francisco Javier Cerdan CalvoIU-EB1. Arturo Carreño ParrasPP1. Francesc Paris Huguet