Bateragarritasun eskaintza udarako

Guaixe 2011ko maiatzaren 25a

Altsasuko Udalak udan herritarren familia bizitza eta lana bateratzeko programa prest du. Heldu den hilean, haurrek klaseak despeditu ondoren (23, 24, 27, 28 eta 30), Bateragarria-Dibertigarria programa izanen da. 3 eta 12 urte bitarteko 40 umerendako dago tokia. Goiz guztia egoteagatik 13 euro ordaindu beharko dira, bestela, 6,5.  Ezgaitu gazteei zuzendutako Bateragarria-Dibertigarria programa garilean izanen da, astelehen, asteazken eta ostiral arratsaldeetan. Matrikula 30 eurokoa da. Altsasuko Udalaren eskaintzan berritasuna da aurten Udan Euskaraz kanpaina garilean eta agorrilean eginen dela. Garilean 250 haurrendako plazak egonen dira eta agorrilean, berriz, 40rendako. Bi hilabeteetan ere saioak 10:00etatik 13:00etara izanen dira. Izena emateagatik 40 euro ordaindu beharko dira. Hobariak lortzeko aukera dago.