Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean agurtu zen Altsasuko Antzerki Amateur Zikloa. Teatr@ves izenarekin, Tarima Beltzak antzerki talde afizionatuen lanarekin gozatzera gonbidatu zituzten sakandarrak. Baita lortu ere. 500 bat lagunek Nafarroako hiru antzerki talderen antzezlan ederrekin gozatzeko aukera izan dute. Iruñeko Talo eta Corellako Alhama antzerki talde afizionatuek umorezko antzezlan bana eskaini zuten, ikusleen gozamenerako. Zarrapastra taldeak itxi behar zuen antzerki zikloa, baina azken orduan Uharte-Iruñeko Kromlech taldeak hartu zuen haren lekua. Gainera, Altsasuko antzerki taldearen sorpresa bat edo beste ere izan zuten.Altsasuko Tarima Beltza antzerki taldea gustura geratu da antzerki zikloarekin. "Harrera ona izan du eta ikusleak gustura geratu dira". Antzerki taldeen mailak harrituta utzi zituen sakandarrak. Bestalde, esperientzia aberasgarria izan da Altsasuko antzerki taldearendako, "antzerki taldeen funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko aukera" izan baitute. "Nafarroako Antzerki Federazioak posible egin du Teatr@ves Antzerki Ameteur Zikloa antolatzea eta azken orduko aldaketak egitea" gaineratu dute altsasuarrek. Datorren urterako bigarren zikloa antolatzeko asmoa azaldu dute.