Aldeak hitz egiten hasiko dira

Guaixe 2011ko maiatzaren 26a

Udal hauteskundeek utzi duten panorama irekiaren ondoren alkatea zein den aukeratzeko aldeak hitz egitera behartuta daude. Altsasuarrek emandako konfiantza eskertu du Bilduk. Ruben Imazek esan digunez, "guri dagokigu alkatetza, gu izan baikara hauteskundeen irabazleak eta aurrekari horrekin goaz bestelako indar politiko guztiengana hitz egitera". Bilduk programetako puntuen gainean eztabaidatzea proposatuko die gainontzeko indarrei. Biharko agerraldia iragarri du koalizioak. NaBai2011ko kideek gaur bilduko dira hauteskunde emaitzak aztertzera. Hala ere, aurreratu ziguten, Bildu babes gehien duen zerrenda denez haiek ekimena hartu eta bilera deiaren zain daudela esan digu Asun Fernandez de Garaialde Lazkanok. Eta gaineratu du guztiekin programaren edukiez hitz eginen dutela alderdi guztiekin. Ondoren erabakia publiko eginen dutela aurreratu du. Maria Jose Notario sozialistak esan digu Nafarroako Batzorde Erregionala biltzeko zain geldituko direla. "Han Nafarroarako ildoak zehaztuko ditugu eta orduan hitz eginen dugu, horri ez baitiogu uko eginen". Ezker Batuko Arturo Carreñok esan digu gaur bilduko direla hauteskunde emaitzak aztertzeko, "eta jarrerak zehazten hasteko". Carreñok aurreratu du talde handien deiaren zain egonen direla. Denekin hitz egiteko prestutasuna azaldu du. "Ez dugu ezer baztertzen, ez akordio puntualak ezta legegintzaldikoak ere".