Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean prentsaurrekoa eman zuten Altsasuko Bilduko lau zinegotziek, Garazi Urrestarazu Zubizarretak, Ruben Imaz Alcaidek, Juan Carlos Orellana Bengoetxeak eta Hasier Gonzalez Larrañagak. Jakinarazi zutenez, aste honetan elkarrizketak izanen dituzte udaleko gainontzeko indarrekin. "Gure udal programa mahi gainean jarri, gure ideiak beste alderdiekin konpartitu eta ditugun adostasunen inguruan hitz egitea da gure asmoa". Bilduko zinegotzi altsasuarrek aurreratu zutenez, "herritarren parte hartze zuzena bilatu eta bideratuko dugu udalean". Herri mugimenduetan ikasitakoa udalgintzan praktikara eramateko asmoa azaldu zuten. Horrela, "udala eragileei, beste indar politikoei eta, batez ere, herritar guztiei irekiko diegu, beti ere, ikuspuntu ezkertiar eta abertzaletik". Bilduko zinegotziek gaineratu zutenez, "azken urteotan udalaren ardura izan duten indar politikoek ezarri duten iluntasun eta itxiera sentsazioarekin amaitzeko erabakia hartuta dugu". Horren adibide gisa, Bilduko zinegotziek duela lau urte NaBaik eta PSNk egindako akordioa jarri zuten, "herriko 2. indarra zenari udal gestioan parte hartzea galarazi zion". Altsasuarrek emandako konfiantza eskertu zuten.