Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Haize Berriak bandak eta Etxarri Aranazko abesbatzak kontzertua eskaini zuten larunbatean Altsasuko Iortia kultur gunean. Hiru urteren ondoren, atzera ere, Sakanako bi musika taldeak elkarrekin igo ziren eszenatokira. Jesus Guridiren Eusko irudiak obra handia jotzeko helburuarekin bildu ziren, bandako zuzendari Luis Orduñaren hitzetan "Euskal Herrian inoiz egin den obra sinfoniko-koral onena". Guridiren obrak ikusleen txalo zaparrada jaso zuen. Bestelako obrak entzuteko aukera ere izan zen: esaterako, bi taldeek Queen-en Bohemian rapsody ezaguna bertsionatu zuten, Sakanako bandak William-en English Folk Song Suite jo zuten eta Etxarriko abesbatzak, besteak beste, Morten Lauridsen-en O magnum mysterium, James Erb-en Shenandoah eta Flying Pickets taldearen Only you ezaguna interpretatu zituen. Etxarriarrek lehen aldiz Imanol Urzelai bergararraren zuzendaritzapean abestu zuten.Sakanako bi taldeek konpetentzia gogorra izan zuten larunbat gauean, baina, hala ere, asko izan ziren "bailarako kultura-championsaren alde" egin zuten sakandarrak. Luis Orduñak ikusleen harrera eskertu zuen. Sakanako bi taldeek kontzertua errepikatuko dute ekainaren 19an, Etxarri Aranatzen.