Altsasuko Udalak bere izenean erregistratu du San Juan ermita. Udal bilkurak hala erabaki zuen martxoan eta erregistroan beharrezko dokumentazioa aurkeztu ondoren, Altsasuko Udalarena da eraikina. Udal artxiboetan jasoa dagoenez, "altsasuarrak izan dira mantentzeaz arduratu direnak".
Duela lau urte Altsasuko Udala ere saiatu zen bere izenean jartzen ermita. San Juan egunaren ondoren ermitako teilatua erori zenean. Ermita udalaren jabetzakoa zela argudiatzeko katastroa eta 90. hamarkadako udal ondasunen inbentarioa aurkeztu zuen udalak, baina Jabetzaren Erregistroak nahikoa froga ez zirela argudiatu zuen eta atzera bota zuen eskaera.
Beste erlijio eraikinak
Erkudengo ermita ere bere izenean erregistratzeko tramiteak aurreratuak ditu Altsasuko Udalak. Iruñeko Artzapezpikutzak bere izenean erregistratuta ditu Otadiako Kristo Deuna ermita eta Jasokundearen eliza. Urdiain eta Altsasuko mugan dagoen San Pedro ermita ez du inork bere izenean jarri Jabetzaren Erregistroan.
66 ondasun
Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataformak jakinarazi duenez, Artzapezpikutzak 66 ondasun bere izenean erregistratu ditu.