Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jubenilen 2. mailan dabilen Sociedad Deportiva Alsasua (SDA) taldeko Altsasu taldeak partida garrantzitsua zuen, larunbatean, Dantzalekun: igoera faseko partida erabakiorra, Carcasatilloko Larrate taldearen kontra. Irabaziz gero zuzenean jubenilen lehen mailara igoko zen Altsasu, eta berdinduz edo galduz gero, Beti Onak eta Lodosaren arteko emaitzaren zain egon behar zen Altsasu. Baina altsasuarrek ez zuten arerioen emaitzaren zain geratu beharrik izan. Dantzalekun etxeko futbolzaleek emandako animuei esker, 3-1 irabazi zion Altsasuk Larrateri, bere multzoko lider jarriaz, eta zuzenean, Nafarroako jubenilen lehen mailara igoz. Altsasuk dominatu zuen partida, baina azken unera arte, hirugarren gola sartu arte, urduritasuna izan zen nagusi. Altsasuko jubenilen taldeak ibilbide bikaina darama. Iaz kadete mailan aritu ziren eta Nafarroako txapeldunak izan ziren, jubenilen 2. mailara igoz. Aurten liga erregularrean bere multzoko lehendabizikoak izan dira, eta asteburuan erabakitako igoera fasean mailaz igotzea lortu dute. Klubetik zorionik beroenak eman nahi dizkiete eta hurrengo denboraldian, jubenilen lehen mailan, ibilbide bera izatea opa diete. Omenaldia SDAko lau historikoriJubenilen igoera faseko partidako atsedenaldian, SDA-k omenaldi beroa egin zien Luis Lopez Zornozari, Migel Angel Montesinosi, Pablo Lopez de Goikoetxeari eta Gregorio Riezuri, SDA-ko ibilbidean zuzendaritza taldean buru-belarri aritu direnei, eta urte askoko lanaren ondoren, kide berriei tokia utzi dietenak. "Ez dago hitzik horrenbeste urteetako lana, ilusioa eta dedikazioa eskertzeko, eta horrengatik omenaldi txiki baina sentitu hau egin nahi diegu" adierazi zuten SDA-ko kideek. SDA 1968an sortu zen, Altsasun kirola sustatzeko helburuarekin. Ordutik zuzendaritzan lanean izan dira Lopez Zornoza, Montesinos, Lopez de Goikoetxea eta Riezu, baina belaunaldi berriei utzi diete euren tokia. Zehazki, Lopez Zornoza SDA-ko presidentea zen eta txirrindularitza sekzioko arduraduna, Montesinos diruzaina zen, Lopez de Goikoetxea pilota sekzioko arduraduna eta Riezu elkarteko kontabilitate arduraduna. Aurten ez zuten euren hautagaitza aurkeztu elkartea berritzeko prozesura, kasu batzutan nekearengatik, beste batzutan euren lanaren errekonozimendu faltagatik eta beste hainbat arrazoi zirela medio. Emozionatuta eta pozik jaso zuten omenaldia. Oroigarri bana jaso zuten ondokoen eskutik: Nafarroako Txirrindularitza Federazioko Juan Carlos Garde bokala, Altsasuko alkate Unai Hualde, Nafarroako Pilota Federazioko Jesus Mari Porrón, eta Nafarroako Futbol Federazioko ordezkari Gerardo Amillano. SDAko junta berriaBerriki ospatutako batzarraren ondotik, zuzendaritza junta berria du SDA-k. Orain arteko futbol sekzioko arduradun Pablo Lopez Colina SDA-ko presidente berria izango da, eta futbol sekzioko arduradun berria Roman Santa Marta. Kirol elkarteko idazkari berria Guzman Lobo izanen da, eta diruzaina Jose Saez de Asteasu.