Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakana Triatloi Taldeko Felix Benjumea eta Urko Berdud altsasuarrak ostiralean Madrilgo Triatloian izan ziren lehian, Espainiako Txapelketetarako sailkagarria zen proban. Felix Benjumea bere kategorian - gizonezkoen 35-39 urte arteko tartea - 14.a sailkatu zen, bizikleta saioan lehen postua egin eta gero. Horrela, Estatuko Txapelketarako txartela lortu du. Aldiz, Urko Berdudek ez zuen egun ona izan, tripako minarekin eta ondoezik aritu zelako. Bere mailan, gizonezkoen 20-24 urte arteko taldea, 19.a sailkatu zen. Hortaz, ezin izan zuen Estatuko Txapelketetarako sailkatu.Bestalde, larunbatean Ondarroako Triatloia jokatu zen, distantzia olinpikoan (1,5 km igerian, 42 km bizikletan eta 10 km korrikan). 238 triatleta aritu ziren. Kraft Atletico San Sebastian taldeko Aritz Egea izan zen garailea (2:02:48), eta emakumezkoetan AC Triatlon taldeko Ana Casares (2:23:07). Sakana Triatloi Taldeko Martinez de Lagran 145.a sailkatu zen (2:27:42), eta Juantxo Azurmendi 172.a (2:31:16).Larunbatean Zarauzko triatloia jokatuko da eta igandean Gipuzkoako VI. Sprint Triatloia Donostian. Horretaz gain, larunbatean Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria den Antsoaingo Triatloian ariko dira gaztetxoenak.