Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
885 txirrindulari animatu ziren 16. Altsasu BTT Mendi Txirrindularitza Zeharkaldian parte hartzera. Eguraldia lagun, Burunda Txirrindularitza Taldeko BTT sailak antolatutako proba ederrean Sakanako paisaje ederretaz gozatzeko aukera izan zuten guztiek. Antolakuntzak 50,5 kilometroko ibilaldia prestatu zuen, 1.100 metroko desnibel pilatua zuena. "Gogorra da baina oso polita" zioten txirrindulari batzuk. Aurten Gipuzkoan sartu ziren eta Aizkorri, Aratz eta Altzaniako mendien ikuspegi pribilegiatuez gozatu zuten. "Sakanan ingurune pribilegiatua dugu, eta ibilbide ezberdinak antolatzea ahalbideratzen digu horrek. Aurtengo ibilaldia asko gustatu zaie txirrindulariei. Horretaz gain, giroa primerakoa izan da, ez da istripu aipagarririk gertatu eta jendeak disfrutatu du" nabarmendu du Altsasuko probako arduradun Julian Claverrek. Goizeko 9:00etan hartu zuten irteera txirrindulariek Altsasuko Foru plazatik. Proba ez lehiakorra zen. Lehenengoek bi ordu inguru behar izan zituzten 50 kilometroak osatzeko, baina askoz lasaiago hartu zuten gehienek eta eguerditik aurrera iritsi ziren gehienak. Hornidura nagusia Urdalurren zegoen. Hain zuzen ere, Urdalurtik gorako ibilbidea asko gustatu zitzaien txirrindulariei, Aizkorri eta Altzaniako bista paregabeengatik. Guztia ongi ateratzeko asteburuan lan eta lan aritu zen antolakuntza: ia 900 txirrindulariendako opariak prestatu, jana eta edaria prestatu, bidea markatu, bidegurutzeak zaindu... lan handia da. Probaren egunean 100 pasatxo aritu ziren lanean, baina bezperetan ere ez zen lanik falta izan. Probaren antolakuntza ona nabarmendu zuten txirrindulariek, egindako lana ongi egina zegoenaren seinale. Horretaz gain, DYAko 15 boluntario egon ziren zaintza lanetan. Hortaz egunaren balorazio ona egin du antolakuntzak. Euren esker ona azaltzeko, Burunda Txirrindularitza Taldeko BTT sailak boluntario guztiak ostiralean Amandrea elkartean afaltzera gonbidatuko ditu.