Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udala osatzeko bilkura eta gero emandako prentsaurrekoan bere boto txuriaren zergatia azaldu zuten NaBai2011ko zinegotziek. Babes gehien izan duen zerrenda errespetatzea erabaki dutela azaldu zuten. "Erabakia hartzean lehentasuna eman diogu herriaren gobernabilitateari". Horrekin batera, argitu zuten haiek haien burua alkatetzara aurkezteko 7 zinegotziren babesa beharko zutela eta horrek, ezinbestean, PSNren botoak onartzea eskatzen zuela. "Sozialistek azken lau legegintzaldietan haien ardurak utzi dituzte. Azken honetan, akordio idatzia izanda ere, udal kudeaketaren kontra jo dute". Beraz, oinarri horiek zituen alkatetza batek "udalaren egonkortasuna ez zuela bermatzen" ikusi zuten NaBai2011n. Koaliziko zinegotziek azaldu zutenez, "herriaren aldeko erabakiak onak iruditzen zaizkigunak babestuko ditugu, bestela, kritika eta oposizioa eginen dugu". Bilduk egindako deiari erantzunez, udal ardurak hartzeko prest azaldu dira NaBaiko zinegotziak, gaineratuz "Bilduk eskatutako jarrera aurreko legegintzalidan ANVk izatea gustatuko litzaiguke". NaBaik2011ko zinegotziek "harrituta" daude: "lan egitearen alde egiteagatik, poltronero deitzen gaituztenak, alkatetza ez hartzea kritikatu digute. Gure lanerako nahia ere zalantzan jarri da eta aurkeztu garen helburuaren inguruan gezurrak eta dudak zabaldu dituzte. Ez diogu inori onartuko gure lanerako borondatea zalantzan jartzea". Errespetu politikoa eta pertsonala eskatu zituzten.