Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Camino Mendiluze eta Asun Fernandez de Garaialderen ondoren, Altsasuko alkate emakumea da Garazi Urrestarazu Zubizarreta. 50 bat pertsona inguru bilkura aretoan zeudela osatu zen legegintzaldi berriko udala. eta www.hitzondo.net atariak zuzenean eman zuen bilkura. Adin mahaia Arturo Carreño Parrasek eta Francesc Paris Huguetek osatu zuten. Paris izan zen Sakanan aukeratutako PPko lau zinegotzietatik udalaren osaketara agertu zen bakarra. Bilduk eta NaBaik, legeak hala aginduta hitz emanez jaso zituzten karguak. Garazi Urrrestarazu Zubizarretak Bilduko lau bozak jaso zituen. NaBai eta Ezker Batuak txuri bozkatu zuten. Gainontzeko alderdiek, PSN, UPN eta PP, nork bere hautagaiari eman zioten boza. Beraz, zerrenda bozkatueneko zerrenda burua izendatu zuten alkate. Carreñoren eskutik aginte makila jaso ondoren, Urrestarazuk hitza hartu zuen. Bere aita adin berarekin zinegotzi izan zela gogoratu zuen, "ohore bat da eta lanerako motibazio ere". Urrestarazuk zinegotzi guztiei elkarlanerako deia egin zien: "eztabaida, kritika eraikitzaileak eta, batez ere, aurrera egiteko borondatea eta lana da gaur eskatzen dizuedana". Krisialdiaren ondorioak legegintzaldian une zailak kudeatzera eramanen dituela jakitun zela esan zuen Urrestarazuk. "Altsasuk, eta Sakanak, iniziatiba eduki beharko du egoerari buelta eman eta egungo ereduaren oinarriak eta mendekotasunak aldatzen joateko".