Mitxelena Euskal Herriko Ligako txapeldunorde

Guaixe 2011ko ekainaren 21a

Euskal Herriko Bakarkako III. Sega Ligaxka jokatu berri da, nazioarteko eran, eta 30 urtetik gorako kategorian Joxe Gabirondo izan da txapelduna. Hiru jardunaldi jokatu dira guztira, Beramendin, Azpeitian eta Baliarrainen. Azkeneko jardunaldira Gabirondo eta Altsasun bizi den Bixente Mitxelena gipuzkoarra berdinduta heldu ziren, baina Baliarrainen "Altzok" irabazi zuen eta Gabirondok Mitxelenaren aurretik bukatu zuen. Hortaz, Euskal Herriko Ligan lehenengo Joxe Gabirondo geratu da (75 puntu), bigarrena Bixente Mitxelena (74 puntu) eta hirugarrena Migel Mari Jauregi "Altzo" (74 puntu). Hurrengo erronka garrantzitsua abuztuaren 20an eta 21ean Eslovenian jokatuko den Europako Txapelketa izango da. Almitza elkartetik adierazi dutenez, Euskal Herria ordezkatuko dutenen artean Bixente Mitxelena dago.