Nafarroako ebanjelisten bilgunea

Guaixe 2011ko ekainaren 20a

Larunbatean Ebanjelioaren Eguna ospatu zen Altsasun eta deialdiari erantzunez Nafarroa guztiko kristau ebanjelista ugari bildu ziren. Bederatzigarren urtez antolatu du halako ospakizuna Nafarroako Kontseilu Ebanjelikoak. Herrialdean presentzia duten hiri eta herrietatik pasa ondoren, aurten Altsasuk hartu du ospakizuna, beti garagarrilean ospatzen dena.Larunbateko ospakizunarekin ebanjelioaren berri ona zabaldu nahi izan zuen Nafarroako Kontseilu Ebanjelikoak. Horretarako Baratzekobide plazak egun guztian zehar makina bat ekitaldi hartu zituen goizetik iluntzera arte: haurrendako joko eta animazioa, antzerkia, musika, abesbatzak... Egunean zehar ere otoitzak, bibliaren irakurraldiak eta beste izan ziren. Altsasuko eliza ebanjelikoko predikatzaileak, Juliok, bertaratutakoei eskerrak emateko hitza hartu zuen bukaeran. Eguna otoitzaldiarekin batera despeditu zen.