Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
San Juanen ajea kendu eta San Pedrorako prestaketak egiten hasi ziren altsasuarrak. Asteburua baliatuko dute batzuek, astegunak besteak. Baina guztia prest dago gaurko. Guztia eguraldia ezik. Ongi babestu beharko dira zelaian bazkaltzera geldituko diren altsasuarrak, hotza egiten baitu. Zerua lainotua dago eta hala jarraituko duela diote iragarpenek. 10:00etan, udalbatza San Pedro zelairantz abiatuko da, txistulariak lagun dituela. Bidea egin ondoren, mokadu bat dastatu eta udalak emandako ardoa probatzeko aukera izanen dute hainbatek. 11:00etan fededunak mezara joanen dira. Berriz ere, ermita txiki geldituko da. Sukaldariak, bitartean, haragia burruntzian sartu eta bestelakoak prestatzen hasiko dira. Meza ondoren, zelaiko plazak zortzikoa hartuko du lehenengoz. Bazkaldu eta puruak banatu ondoren bigarren dantza saioa izanen da. Iluntzea gerturatu ahala altsasuarrek basoa herriagatik ordezkatuko dute, parranda han jarraitzeko. Dantza egin nahi duenak Azabache taldearekin egiteko aukera izanen du. Foru plazan izanen da dantzaldia, 20:00etatik 22:00etara eta 23:00etatik 2:00etara.