Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzokoan altsasuarrek haien egun handia aterpean ospatu zuten. Goizetik jende askok San Pedro zelairako bidea hartu zuen. Eguraldia jasoko zuenaren esperantza eraman zuten askok. Baina badaezpada ere toldoak, jaimak edota kanpin-denda erraldoiak ere eraman zituzten aldean. Eta, azkenean, eguraldiak ez zuen jaso eta aterpea sortzeko eramandako tramankulu guztiak eta gehiago erabili behar izan ziren. Asko izan baitziren altsasuarrak San Pedro eguna basoan ospatzen tematu zirenak. Hala ere, bajerak, elkarteak, bordak, txabiskeak eta Burunda pilotalekuak ere kuadrilen bazkariak hartu zituzten. Udalak, esaterako, Gure Etxea eraikinean bazkaldu zuen. Azken aldia 1997an izan zen hori gertatu zela. Udala, atzokoan, San Pedro zelaira bueltatu zen arratsaldez, ohiko puruak banatzeko. Goizean eta arratsaldean, plazak zortzikoaren dantza hartu zuen. Arratsaldekoa, ohi denez, alkateak zabaldu zuen. Garazi Urrestarazu alkatea dantza saio hori zabaldu duen hirugarren emakumea izan zen. Ermitak, bestalde, hainbat fededunen aterpe bihurtu zen. Egun plazako dantzaldiarekin despeditu zen.