Trasteando hirugarren CDaren bila

Guaixe 2011ko ekainaren 30a

Benetan arrakastatsuak izan dira Trasteando taldearen lehen bi diskoak. Hori ikusita Altsasuko musikariak hirugarren diskoa grabatzera animatu dira. Horretan dabiltza azken egun hauetan. Altsasuko Trasteando taldeak bi disko ditu kalean. 2007an argitaratu zuen lehen diskoa 16 abestirekin, eta denbora gutxian saldu zituzten 1.000 aleak. "Musikariek esaten digute gaur egun gauza handia dela 1.000 disko saltzea" esan digu Cruz Marik. Bi urte geroago, 2009an kalera atera zuten bigarren diskoa, beste 16 kantu liluragarrirekin. Txanda hartan tirada 1.500 alera igo zuten eta erantzuna paregabea izan zen; 1.000 ale berehala saldu ziren eta gainerakoak Acción contra el hambre gobernuz kanpoko erakundearen esku utzi zituzten. Hain zuzen, erakunde horretara bideratu zuten CDen salmentatik ateratako dirua. Bide horri eutsiko diote hirugarren CDan. Trasteando taldeak zuzenean grabatu ditu lilurazko kantuak Altsasuko Iortia kultur gunean. Gozategi taldeko Iñigo Goikoetxearen laguntza izan dute. Aurreko diskoetan bezala, disko entretenigarria eta anitza eginen dute: gaur egungo abestiak, kantautoreenak, genero eta jatorri ezberdinekoak grabatu dituzte. Ohi bezala, gitarra eta ahotsak izanen dira taldearen oinarria. Ondoren, bestelako instrumentuak gehituko dituzte, besteak beste, zeharkako txirula, akordeoiak eta perkusioa. Diskoa gabonetarako argitaratzeko asmoa dute.ZuzenekoakEz dugu zertan diskoa argitaratzera itxoin. Ondorengo egunetan Trasteando taldea zuzenean entzuteko aukera dugu. Ostiralean emanaldia bana eskainiko dute Altsasuko Aita Barandiaran eta Josefina Arregi egoitzetan. Adineko jendea abesten jartzeko asmoarekin joanen dira. Izan ere, altsasuarrek ez dute nahiko kantuan gozatzearekin, poztasun eta alaitasun hori ingurukoei zabaltzen saiatzen dira, bereziki, behar gehien dutenei. Bestalde, uztailean, Iruñerako bidea hartuko du Trasteando taldeak. Hilaren 9an, kontzertua eskainiko du Sanferminetan, Bosquecillo inguruan jartzen diren Etxe Erregionalen txokoan.