Intxostiapunta irudi bila

Guaixe 2011ko uztailaren 6a

Intxostiapunta Gaztegunearen identitatea islatuko duen irudia izan nahi du Altsasuko Udaleko Gazteria Sailak. Horregatik antolatu du logotipo lehiaketa. Hartan 14 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartzeko aukera izanen dute, bakoitzak bina lan aurkeztuz. EzaugarriakGazteria Sailetik azaldu dutenez, logotipoan Casa de la Juventud Intxostiapunta Gaztegunea leloa agertu beharko da, beti ere Intxostiapunta hitza besteak baino nabarmenagoa izan beharko duelarik. Gazteria Sailak azaldutakoaren arabera "irudia gaur egungoa eta praktikoa" izan beharko da. Jakina, lanek orijinalak eta argitaratu gabekoak izan beharko dute. Gainera, grisen eskalara erraz eramateko modukoak izan beharko dute. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek lanak agorrilaren 23ko eguerdira arte aurkez ditzakete Intxostiapunta gaztegunean. Lanak A3 edo A4 tamainan aurkeztu beharko dira, euskarri zurrunean ezarrita, bai koloretan bai txuri-beltzean. Hiru neurri ezberdinetan aurkeztu beharko da logoa (2x2cm, 5x5cm eta 10x10 cm). Horretaz gain, formatu digital eskalagarrian aurkeztu beharko dira, CD edo DVD batean gordetuta. Azkenik, logotipoaren azalpen labur bat ere eskatzen du Altsasuko Udaleko Gazteria Sailak. Plika sistema erabiliz aurkeztu beharko da. ErakusketaEpai mahaiak aurkeztutako lanen artean hiru aukeratuko ditu agorrilaren 26an. Gazte altsasuarrek agorrilaren 29tik irailaren 8ra arte hiru aukeren artean hautatzeko aukera izanen dute eta boto gehien eskuratzen duen logotipoak jasoko du saria, 600 euroak. Haren berri irailaren 19an emanen da. Gazteria Sailak jakinarazi duenez lehiaketara aurkeztutako lan guztiekin erakusketa eginen dela.