guaixe.eus

Karmele Igartua gogoan

  Kirola  Altsasu
Joan zen ostiralean ireki zituen ateak Donostiako 36. Liburu eta Disko Azokak. Haren barruan, asteazkenean, Eta orain badakit-Itsaso kontra bat poesia errezitaldia egin zuten. Saio hunkigarrian bat egin zuten Tere Irastortzaren eta iaz zendu zen Karmele Igartuaren poesiak, Izaskun Etxeberria altsasuarraren irudiek eta Aitor Fundarena eta Iñaki Telleriaren musikak. Poesia, irudia eta musikaKarmele Igartua Aretxabaletako poeta iaz hil zen gaixoaldi luze baten ondorioz. Ordurako amaituta zuen Itsaso kontra bat poemarioa, "bizitzaren aldeko apustua". 2010ean argitaratu zuen Pamiela argitaletxeak. Tere Irastortza idazle eta Igartuaren lagun minak atondu zuen edizioa. Urte bete geroago, Irastortzak Aretxabaletako poetarekin bat egin nahi izan du. Helburu horrekin antolatu dute Eta orain badakit-Itsaso kontra bat poesia errezitaldia. Elkarren irakurle ziren idazleen lanak batera aurkeztu ziren, bi lagunen egitasmoa burutuz. Itziar Gomez gidoilari eta aktore irakasleak irakurri zituen poemak. Idazle Eskolako kide den Izaskun Etxeberriak ere emanaldian parte hartu zuen. Altsasuarrak irudi bidezko irakurketa egin zuen. "Itsaso kontra bat liburuan oinarritutako argazkiak egin ditut errezitaldia laguntzeko" azaldu zigun. Bestalde, Tere Irastortzak Eta orain badakit liburuko poemak irakurri zituen. Zaldibiako poetak zoriontasunaren inguruan hausnartzen du. Aitor Fundarenak eta Iñaki Telleriak musika jarri zieten Tere Irastortzaren testuei. Garikoitz Mendizabalekin batera Eta orain badakit diskoa grabatu dute. Ekitaldian egon zirenendako oparia izan zen. Aurretik, ekainaren 17an, ezaugarri beretsuetako emanaldia eskaini zuten Igartuaren jaioterrian, Aretxabaletan, Ilunabar literarioen barruan. Idazle EskolatikKarmele Igartua Bergarako Idazle Eskolako kidea zen. Han izan da Izaskun Etxeberria ere. Altsasuarrak bi urteko graduondokoa amaitu berri du. Lan ederra egin du bertan. Esaterako, lehen kurtsoan dibulgazio beka irabazi zuen Herri baten lekuko isila toponimia lanarekin. Graduondokoa amaituta, Guaixeko kolaboratzaile izan den altsasuarrak literatura lantzen jarraitzeko asmoa azaldu du. "Literatura lehiaketaren batean parte hartzeko asmoa dut" dio. Bestalde, ikasturte berrian, Testu bazkan literaturari mamia ateratzen jarraituko du.Arretxeren txandaGaur, 19:30ean, Jon Arretxeren azken liburuaren inguruko solasaldia izanen da Donostiako udal liburutegiko sotoan. Ramon Olasagastik gidatuta, Tangerko ametsak nobela beltza eta bidai literatura izanen dute hizpide: hilketak, misterioa, ustelkeria, amodioa, magia, miseria, biziraupena... Arretxeren Afrikako irudiak tartekatuko dituzte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak