Ezkilak saretan hartuta

Guaixe 2011ko uzt. 7a, 15:06
Astelehenaz geroztik sare gorri batek biltzen ditu Altsasuko elizako ezkilak. Rafael Ayarra apaizak azaldu digunez parrokiako bi boluntariok jarri zituzten sareak. Ayarrak berak esan digu sareekin usoak ezkila-dorrean sartzea eragotzi nahi dutela. Izan ere, usoen gogoko tokia  bihurtu da aspaldian ezkila-dorrea eta zikinkeria pila bildu da, bai dorrean, bai ezkiletan baita eskaileretan ere. Ayarrak esan digu usoen hondakinak dena hondatzen ari zirela eta, horregatik, hartu dutela neurria. Enrike Zelaia da eguerdietako errepika jotzen duenetako bat.  Berak konponbide egokitzat hartu du neurria. "Asteartean bertan ezkila-dorreko sabaian dauden kabietatik bi usakume hartu eta askatu nituen". Zelaiak esan digunez, eskailerak ere garbitu dituzte, "baina eskaileretako leihoak ixtea falta da. Eginen dutela esan dute, baina bitartean usoak handik sartzen dira". Zelaiak esan digunez, berarekin batera errepika jotzen ari diren Jesus Bengoetxea Azpiroz eta Asier Beramendi Gallok ezkila-dorreko zorua garbitu zuten. Zelaiak gaineratu du ezkilak ere garbitu beharko liratekeela, "mantentzeko eta estetikagatik".