Hutsean gelditu da kooperatiba proiektu berri bat

Guaixe 2011ko uztailaren 8a

Bertan behera gelditu da inmobiliaria batek enkantean lantegia erosi duenean. Lantegi eta makineria berria erosteko behar den dirutzarik ez dute langile ohiek2009ko uztaila hasieran itxi zuten Recindsa lantegia. 69 langile kalean gelditu ziren, gehienak emakumeak. Kooperatibak 30 langile ohirekin abiatzeko asmoa zuten, gerora langile ohi gehiago sartzeko.Urte bateko lana eta ilusioak pikutara joan direla ikustean etsita gelditu dira Recindsako langile ohiak. Asteartean bueltatu zuten guztiek langabeziaren kapitalizaziotik eskuratutako dirua, kooperatiba martxan jartzen lagundu behar ziena. Berriro ere, langabeziatik kobratuko dute. Orain zapuztu den ametsa duela urte bat abiatu zen. Recindsako langile ohiak Altsasuko Udalarekin bildu zen. Unai Hualde alkate ohiak ANEL elkartearekin (Asociación Navarra de Empresas Laborales) harremanetan jarri zituen. Elkarte horrek, esaterako, Isphording ohiko langileak lagundu zituzten Altsasuko Kooperatiba sortzen. LaneraRecindsako langileen artean 6 laguneko batzorde bat sortu zen eta haiek izan dira egitasmoaren zama handiena gainean eraman dutena. ANEL-ekin bildu eta egitasmoak aurrera egiteko aukera zituela ikusirik, Coingest aholkularitzarekin batera elkarlanean hasi ziren. Recindsako langile ohiek urte bat eman dute egitasmoa prestatzen. Den dena egina zuten: bideragarritasun plana, langabezia kapitalizatuta kooperatiba abiarazteko kapitala izan zedin, lehengo bezeroekin hitz egiten hasiak ziren interesatuak zeuden, zenbait bezero berrirekin ere harremanetan zeuden, langileak izanen zirenak ere elkarrizketatuak izan ziren. Horrekin batera, Nafinco enpresa publikoarekin harremanetan jarri ziren. Egitasmo serioa zela eta bat egitea erabaki zuen. Horren adierazle aurtengo martxoaren 28an Altsasun Alvaro Miranda lehendakariordea zenak Guaixe astekariaren galderei erantzunez esan zuena: "Nafarroako Gobernua hartzekodunen lehiaketan izanen da, lantegia eskuratzeko asmoz. Ondoren lantegia langileei alokatzeko asmoa du". Nafarroako Gobernuak hiru egun lehenago hartu zuen erabakia. Horixe zen asmoa, beraz, Nafarroako Gobernuak lantegia eta barruan zegoen makineria erostea, gero langileei alokatzeko. Isphordingeko langileekin egin bezala. Ez da ateraBaina asmoa ez da errealitate bihurtu. Konkurtso legepean zegoela itxi zen Recindsa. Enpresaren Altsasuko ondasun guztiak epaileak kudeatu ditu orduz geroztik. Haiek saldu eta enpresaren zordunei pagatu behar zien. Lantegia eta makineria enkante publikoan salgai jarri zen. Nafincok eskaintza egin zuen. Aurreikusia zuena baina diru  gehiago, langile ohiek aitortu digutenez. Baina Getxoko inmobiliaria batek eskaintza hobea egin du eta harendako izanen da lantegia. Enkantea egin ondoren, bost eguneko epea dago inork eskaintza handiagoa egiten badu, guztia eskuratzeko. Kasu honetan ez zen eskaintzarik izan. Ondoren beste hogei eguneko epea dago eskaintza onena egin duenak jarritako abalaz gain falta zen diru guztia ordaintzeko. Epe hori aurreko ostiralean despeditu zen. Baina aurretik epaileak Nafincori eta inmobiliariri argibideak eskatu dizkie eta, horregatik, ordaintzeko epea izoztu da. "Inmobiliariakoak ordaintzen saiatu dira, baina epaileak ez die utzi argibideak erantzun arte".MugimenduakEnkantean inmobiliaria batek  lantegia eta makineria eskuratu zituela jakin ondoren, egitasmoa bideratzeko ahaleginak egon dira. ANEL haiekin harremanetan jarri zen. Nafinco beharrean haiek langile ohiei lantegia alokatzea proposatu zieten. Inmobiliariak jarri zituen baldintzak, ordea, ez zuten egitasmoa bideragarri egiten. San Juan egunean Altsasuko alkate Garazi Urrestarazu eta Asun Fernandez de Garaialde zinegotzia Roig kontseilaria zenarekin bildu ziren Iruñean. Kontseilaria zenak azaldu zien Nafarroako Gobernuak langileei abalak emateko prest zegoela. Besterik ez.Egitasmoa aurrera atera dutenek  esan digutenez ezin zuten halako kopuruko abala haien bizkar hartu. Eta gaineratu digute haien egitasmoa aurrera ateratzeko aurretik haiek lan izan zuten lantegiarekin eta makinekin izan behar zuela, "bestela inbertsioa asko handitzen da; pabilioi eta makineria berria erosi beharko genituzke eta hori gehiegi da guretako". Saiatu ere egin dira inbertsioa egiten lagunduko liekeen bazkide bat opatzen, baina alferrik. Guztia aurrera ateratzen saiatu diren lan taldeko kideek esan digutenez, "urte batez ilusio handiz lan egin dugu. Gehiago ezin da egin. Geunden bezala gelditu gara". LapurretakRecindsa itxi ondoren bitan sartu dira lapurrak lantegian. Kobre bila sartu ziren eta lantegiko instalazio elektrikokoa eta txorrotak eta hodiak eraman zituzten. Kooperatiba egiteko asmoa zuten langileei horrek kolpe handia egin zien, gero konponketak haiek ordaindu beharko zituztelako. Horregatik lau astez lantegia zaintzen egon ziren, haiena ez bazen ere.