Udan euskaraz bete-betean

Guaixe 2011ko uztailaren 12a

Uda garaian haurren artean euskararen erabilera sustatzea da helburua. Aurten estreinakoz agorrilean ere izanen daHilaren bostean jarri zen martxan Altsasuko Udan Euskaraz programa. Hilaren 29ra arte modu jostagarri batean euskara erabiltzeko modua eskainiko zaie txikiei, astegunero, 10:00etatik 13:00etara.  3 eta 12 urte bitarteko haurrak dira parte hartzen ari direnak. Txikienak, hiru urtekoak, Kangu ludotekan biltzen dira. Gainontzekoak, berriz, Zelandi eskola dute bilgune eta handik Altsasun barna barreiatzen dira. Taldeak Guztiak adinaren arabera banatu dituzte. Haur Hezkuntzako bi talde daude eta gainontzeko seiak Lehen Hezkuntzan (LH) dauden ikasleek osatzen dituzte. Horretaz gain, taldeak osatzerakoan Altsasuko Udalak ikasten ari diren hezkuntza eredua kontuan izan du. Hala, A ereduan ikasten ari diren LHko 8 ikasleak talde batean bildu dituzte. Gainontzekoak, 270,  D ereduko ikasleak dira. Aurreko edizioetan Udan Euskaraz programak ezgaituendako eskaintza propioa egin badu ere, aurten ez da halakorik egin. Joxepi Markinez ludotekariak azaldu digunez, "programak hartzen duen adin tartekoak badira, onartu egin ditugu. Bost ezgaituk eman dute izena eta dagokien adineko taldean sartu ditugu". Markinezek zehaztu digunez, haurraren ezgaitasunaren arabera talde horretan  begirale gehiago jarri dituzte. Programa behar bezala aurrera ateratzeko Markinezek azaldu digu 23 begirale ari direla lanean. Haurrek haiekin, eskulanak, jolasak, Altsasun barnako txangoak, jokoak eta beste egiten dituzte. Horretaz gain, LHko 4., 5. eta 6. mailako ikasleak Hitzondo web atarian eta Garraxi Irratian ariko dira. AgorrileanAurreneko aldiz Udan Euskaraz programaren eskaintza agorrilera zabaldu du udalak. Markinezek esan digunez, 22 haurrek eman dute izena eta haiekin, ludotekan, bi begirale ariko dira. BateragarritasunaLanean ari diren  gurasoek haien seme-alabak norbaitekin uzteko aukera era ematen du  Altsasuko Udalak, Bateragarria-Dibertigarria programaren bidez. Aste Santuan, garagarrilean eta abenduan eskaintzen du programa hori udalak. Markinezek jakinarazi digunez, "saio horiek gero eta erantzun hobea dute. Aste Santuan eta garagarrilean plazak bete egin ziren". Bateragarria Dibertigarria programan lehentasuna Altsasun erroldatutako haurrek dute, baina plazak geldituz gero aldameneko herrietako haurrak ere sartzen dira.