Beheko benta auzoko festa

Guaixe 2011ko uztailaren 14a

Domekan bazkaltzera bilduko dira beheko benta auzuneko gaurko eta garai bateko 80 bat auzokide. Josetxo Mendiluze, Juanan Izagirre eta Joseba Salegi izan dira ospakizuna sustatu dutenak.Hala ere, Koldo Salegik azaldu digunez, ideia zaharra da. "1974an edo 1975ean lortu genuen tren apeaderotik beheko bentaraino argiteria publikoa jartzea. Ordura arte autoen argien atzetik ibili behar genuen. Orduan bururatu zitzaigun Jose Mari Mazkiarani eta niri ospakizunen bat egin beharko genukeela. Baina horretan gelditu zen". Data ere zehaztuta zuten, Bargagaingo egunean, "gurutzetik bueltan datozenak katxondeoa ikus zezaten". Aspaldiko ideia, beraz, aurten gauzatuko da. Soilik auzokide direnak eta izan zirenak bilduko dira Iruña Bide jatetxean. Mahaira eseri aurretik aspaldiko kontuak trukatzeko pote batzuk hartuko dituzte. Bazkaldu ondoren, Ana Aierdik bildutako argazki zaharren emanaldia izanen da. Merezi duen edozein ospakizunetan bezala dantzaldia ere izanen da. Salegik esan digunez, domekako ospakizunean auzotarren aldarrikapenak ere presente izanen dira: "ibilgailuen abiadura murrizteko radarra, oinezkoendako zebrabide goratuak eta espaloiak konpontzea, bestela ura etxeetara sartzen delako". Auzo festa gehiagoAspalditik ezagunak dira Txunkai auzoko festak, garagarrilaren hasieran ospatzen direnak. San Juan egunarekin batera ospatzen du bere festa izen bereko kalea. Aurten Beheko bentako ospakizunaz gain, beste festa bat batu zaio ospakizunen egutegiari: herri erdialdean dagoen San Pedro auzunekoa. Maiatzaren 7an 50 bat pertsona bildu ziren Kaixo jatetxean bazkaltzera. Auzokideak izandakoak ziren gehienak, baina egungo bizilagunak ere bildu ziren mahaira. Andres Bengoetxearen ekimena izan zen, eta Begoña Salazarren erakusketaren ondoren hasi zen gauzatzen eta haren laguntza izan zuen antolakuntzan.