Porlandegian erraustearen kontrako manifestazioa

Guaixe 2011ko uztailaren 15a

Hondakinen errausketarik ez Cementos Portlanden leloa izanen duPorlandegian errausketaren kontrako Altsasuko herritarren plataformak deitu du manifestazioa.  Plataforma deitzaileak "errausketa hondakinak tratatzeko era gisa" errefusatu du. Aldi berean, salatu du "Sakana erabiliz, Nafarroan errausketa sartzeko egindako azpijokoa". Errausketak sakandarrendako "arrisku handia" sortuko diela ziurtatu du plataformak. Eta, horrekin batera, Nafarroaren eta Sakanaren borondatearen gutxiespena eta hain larriki eragiten diguten erabakien aurrean parte hartzeko eskubidea lapurtzea" salatu du. Horregatik guztiagatik, porlandegian hondakinak erraustearen kontrako Altsasuko herritarren plataformak hondakinak erretzeko egitasmoa bertan behera uztea eskatu du. Administrazioei zuzendu zaie ere plataforma. Haiei eskatu die ez ditzatela porlandegiak hondakinen kudeatzaile pribatu bihurtu. Horren ordez, hondakinak gutxitu, berrerabili eta berreskuratzean oinarritutako proiektuak finantza ditzala eskatu diote administrazioari. ArgudioakDeialdia egiterakoan plataformako kideek azaldu dute "porlandegietako errausketa dioxina, furano eta metal astunen igorle nagusietako baten gisa" identifikatu duela Stockholmeko Itunak. Gai horiek "minbizi eragile nagusiak dira eta haien aurrean ez dago esposizio babes maila minimorik". Plataformako kideek gogora ekarri dute 33.000 medikuk eta zientzialarik Europako Parlamentuan adierazi dutela errausketak "gizakien, animalien, airearen eta uraren osasunerako arriskuak ekartzen dituela". Plataformatik ziurtatu dute erretzea "hondakinak kudeatzeko erarik arriskutsuena eta jasangaitzena" dela. Bestelako aukeren alde ere azaldu da plataforma. Eta gogora ekarri du 3.200 sakandarrek eta 1.500 altsasuarrek erraustearen kontrako sinadura eman dutela. Nafarroako Gobernuari ere kritika egin zion plataformak, Cementos Portland Valderrivasi errausteko baimena emateagatik: "erakusketa publikorik egin gabe, enpresa pribatu bati baimen xume bat emanez, errausketa martxan jarriko da Nafarroan". Foru administrazioak Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plan Integralean balioztatze energetikorako instalazio bat kokatzeko kontuan hartu beharreko irizpideak kasu honetan baztertu dituela salatu du plataformak. Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plan Integralean jasotzen diren irizpideak honakoak dira: kutsadura maila altua, gasen ihesbiderako eragozpenak, herri, natur parke eta ur-iturrien hurbiltasuna... Horiek kontutan izanik, plataformako kideek Olatzagutiko porlandegiaren kokapena ez dela egokia errausteko adierazi du. BabesaPorlandegian errausketaren kontrako Altsasuko herritarren plataformak "pozez" hartu du astelehenean Gaztela-Leongo Juntak hartutako erabakia: Bierzon, Cosmos porlandegiari hondakinak erraustea debekatu diola jakinarazi zuten. Aldi berean, plataformako kideek, berriro ere, bere babesa adierazi zioten Altsasuko UPNko Francisco Javier Cerdan zinegotziari, haiek aurkeztutako mozioaren alde egiteagatik alderdiak behin-behinean baja eman diolako. Azkenik, plataformak aurreratu du eztabaida ireki bat antolatzea aztertzen ari dela. Hartan alde guztiek haien ikuspuntua defendatuko lukete. Plataformak dioenez, "hainbat pertsona gure informazioa estaltzen saiatu dira eta enpresak gure datuak manipulatzen saiatu da. Eztabaidaren bidez errausketaren ondorioak zein izan diren argituko dituela pentsatzen dugu". AtxikimenduakEkologistak Martxan, Gurelur, Greenpeace, Compañia 3R, Lurra, Sakana Bizirik, Arga Bizirik, Coordinadora Monte Alduide, Sustrai Erakuntza, AHT Gelditu! Elkarlana eta Arbizu, Bakaiku, Altsasu eta Olatzagutiko Udalak.SalaketaPorlandegian errausketaren kontrako Altsasuko herritarren plataforma sortu denetik informazioa zabaltzea izan du helburu. Horretarako hitzaldiak, agirien buzoneatzeak eta sinadura bilketak egin dituzte. Manifestazioarekin beste urrats bat egin dute. Baina salatu dutenez, mobilizaziora dei eginez jarritako pankarta guztiak kendu dituzte. Olatzagutian ere kartel guztiak kendu dituztela nabarmendu dute. Azaldu digutenez, aurretik Altsasun jarritako sinadurak biltzeko orriak ere lapurtu izan dizkiete.