Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbat arratsaldean Altsasuko kaleak errausketaren kontrako oihuz bete ziren: ez, ez, ez, errausketarik ez; errausketa, kutsadura edota lana bai, pozoirik ez moduko leloak oihukatu zituzten manifestazioan parte hartu zutenek. 2.500 pertsonak baino gehiagok egin zuten Nettotik eta Aita Barandiaran egoitzara arteko ibilbidea, Cementos Portland-eko hondakinen errausketari ez pankartaren atzetik. Porlandegian errausketaren kontrako Altsasuko herritarren plataformak deitu zuen manifestazioa. Plataformak eskaera zuzena egin zien administrazioei: "Cementos Portlandek gure eta gure bailararen osasunarekin jolasten ez uzteko". Plataformak, medikuek esandakoetan oinarrituta, esan zuen "jarduera hau arriskutsua da osasuna eta ingurumenarentzat eta hondakinak kudeatzeko erarik jasangaitzena da".Errausketak fetuen malformazioak edo minbizia sor ditzakeela salatu zuen plataformak. Horrekin batera, Seulen urtero 300 pertsona gaixotzen direla azaldu zuten. Baita, Bizkaiko Zabalgarbi errausketa plantaren inguruko lursailak kutsaturik daudela ere. Adibide horiek jarrita, manifestazio deitzaileek salatu zuten errausketak bateraezina dela nekazal, elikagai, abeltzain eta esneki industriekin, edota ostalaritza, turismo eta bestelako jarduerekin. Enpresak dioen moduan gezurretan ari direla ukatu egin zuten plataformako kideek eta herritarrek informazioa bilatzera animatu zituzten: "ez dago inon errausketaren aldeko informaziorik, honekin lotura ekonomikoa ez badu".Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plan Integralak errausketa planta jartzeko baldintzak Olaztiko porlandegiak ez dituela betetzen nabarmendu zen manifestazio bukaeran. Hala ere, Nafarroako Gobernuak porlandegiari hondakinen enpresa kudeatzailearen izendapena eman diola salatu zuten.Porlandegian errausketaren kontrako Altsasuko herritarren plataformak Sakanan informazioa zabaltzen eta mobilizaziorako deialdi berriak eginen dituela jakinarazi zuen. Dokumental bat ere prestatzen hasi dira. Jakinik "multinazional ikaragarri baten aurrean gaudela", gastuei aurre egiteko laguntza ekonomikoa eskatu zien bildutakoei plataformak. "Errausketaren kontra gero eta jende gehiago dago eta halakoak gelditzea posiblea da. Bierzokoa horren lekuko". Gora jotzeko helegiteakNafarroako Gobernuak porlandegia hondakinen enpresa kudeatzaile izendatu zuen maiatzaren 26an. Makina bat sakandarrek erabakiari gora jotzeko helegitea aurkeztu diote. Larunbatean sinatu zituzten idatziak. Guztiek gobernuaren ebazpena baliorik gabe uztea eskatu dute. Argudiatu dute foru administrazioaren erabakia ez datorrela bat Olatzagutiako Udalaren hirigintza planteamenduarekin. Horrekin batera, helegitean argudiatzen dute Ingurumen Baimen Integratuaren (IBI) funtsezko moldaketa dela eta, beraz, IBI berri bat eskatu behar zela. Helegitea jarri dutenek diote Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plan Integralean Sakanan ez dela halako ezer aurreikusten. Azkenik, Olatzagutiako Udalak IBIri jarritako helegiteak eta emandako argudioak indarrean daudela berresten dute. Datua Manifestazio burua Bakea eta Gipuzkoa kaleen bidegurutzean zegoenean, manifestazio akabera Nafarroako Kutxako bulegoaren parean zegoen.