Euriari aurre eginez Bargagain mendigoizaleen bilgune

Guaixe 2011ko uztailaren 19a

Altsasuko Mendigoizaleak elkarteak 51. Bargagainerako igoera antolatu zuen iganderako, klubaren 51. finalista eguna ospatzeko. Egun polita izaten da eta mendizaleez gain makina bat altsasuarrek hartzen dute parte ekitaldietan.Igande goizean eguraldiak ez zuen batere lagundu, euria ari baitzuen eta lainoa itxia baitzen, eta horregatik hasieran jende gutxik hartu zuen Bargagainerako bidea. Bide erdian, gazteluan, hamaiketakoa hartu zuten, eta Barga gainera iritsita lehenik eta behin meza elizkizuna izan zen. Ondoren finalista ekitaldia eta auzatearen txanda heldu ziren. Ordurako 70 lagun inguru bildu ziren festan, eta txistulariek huts egin ez zutenez zortzikoa, jotak eta porrusaldak dantzatzera animatu ziren bildutakoak.