Nafarroako Gobernuak Sunsundegui erosteko eskatu du UGTk

Guaixe 2011ko uztailaren 28a

Gobernuak esku hartzen ez badu bideragarritasun planak etorkizunik ez duela ohartarazi duPasa den ostegunean Sunsundeguin UGTk eta ELAk (bosna delegatu dituzte) sinatutako aurre-akordioaren inguruan, aurreneko sindikatuak esan du akordio "ona" dela sinatutakoa. UGTko ordezkariek (Metal arloko idazkari nagusi Lorenzo Rios, Sakanako arduradun David Medina, Sunsundeguiko ordezkari Jesus Villimar eta Sergio Hernandez) pasa den ostiralean Iruñean egindako balorazioan esan zutenez, "etorkizuna bermatzeko sakrifizioak egin ditugu". Eta horien ondorio lirateke "bideragarritasun plana eta gauzatu daitekeen egitasmo sinesgarria". Bestalde, Sunsundeguiko langileek bozketarekin emandako babes "handiak", haren zentzu onaren eta zuhurtziaren erakusgarri dira UGTko kideen ustez. Riosek esan zuenez, "argi uzten du krisi testuinguru honetan, ederki kolpatutako eskualde batean, akordio garrantzitsuak lor daitezkeela industria ehuna eta enplegua babesteko". Sunsundeguiren eta Sakanaren aldeko apustutzat jo zuen akordioa Riosek, "itxiera eragozten du eta epe ertain eta luzera berpizteko baldintzak jarri ditu". BalorazioaMedinak azaldu zuenez, "krisi testuinguruan eta enpresa estrategikoak mantentzea beharrezkoa den eskualde batean, lehentasuna zen industria proiektua eta lanpostuak mantentzea". Horrekin batera, lan eta gizarte baldintzak mantentzea zen beste lehentasun bat UGTko kideendako. Horrekin batera, "epe ertain eta luzera enpresa garatzeko baldintzak sortzea". Medinak esan zuen akordioa beharrezkoa zela, "soldaten kobratzea ziurtatzeko eta enpresa ez ixteko". Akordioa sinatu gabe hori gertatuko zela esan zuten UGT-tik. Medinak azaldu zuenez, langileek babestutako bideragarritasun planak bermatzen du Sunsundeguik 2013an galerak izateari utziko diola eta 2016ra arteko bizi-iraupena ziurtatzen du. UGTko Sakanako buruak gaineratu zuen Sunsundegui teknologia berrien erabileran aktore nagusia izan behar duela. Azkenik, UGTko kideek salatu dute ELAk eta LABek (3 delegatu) enpresa batzordean duten gehiengoa akordioaren kontra egiteko erabili dute.