Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
PPk aurkeztutako mozioa PSN, IU eta UPNren bozekin onartu zen. Bilduk ez zuen parte hartu eta NaBai kontra bozkatu zenIUren urgentziazko mozioa ez zen onartu. NaBaik mozioa erretiratzea eta udalak testu bat adostea proposatu zuen. Bilduk, berriz, garai berriari buruzko irakurketa egin zuen, bozkatzera jarri gabe Asteazkenean Altsasuko Udalak PPk onartutako mozioa onartu zuen. Bost bozekin onartutako mozioak "ETA talde terroristak egindako 857 hilketak espresuki gaitzesten ditu". Horrekin batera, Altsasuko Udalak ere gaitzetsi egin du "ETA eta bere konplizeak nafarrei eta espainiar guztiei jasanarazi dieten justifikatu gabeko terrore eta min historia". Azkenik, ETA baldintzarik gabe desegitea eta bere kideak justiziaren aurrean agertzea exijitu zuen. Mozioa PP, PSN, IU eta UPNren aldeko bozekin onartu zen. BilduKoalizioa ez zuen bozketan parte hartu eta abstentzio gisa hartu zen erabakia. Ruben Imaz bozeramaileak esan zuen Bildu ez zela PPren jokoan sartuko. Imazek esan zuenez, herriak garai berriak bizi ditu eta horrek jarrera berriak eskatzen dizkie eragile guztiei. "Lehentasunezko ariketa bakea eta konponbide demokratikoa ekarriko dituen eszenatokia eraikitzea da", ziurtatu zuen. Bilduren ustez, udalak garai politiko berria bulkatzeko konpromisoa hartu beharko luke. Horrekin batera, udaletik "inoren kontrako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzeko lana" egin beharko litzatekeela esan zuen Imazek. Presoei irtenbidea ematearekin batera, biktima guztiei aitortza eskaini beharko litzaiekeela esan zuen Imazek. Bilduk, bestalde, "kultura politiko ezberdinetako euskal eragileen artean erabakitzeko eskubidearen gaineko adostasuna lortu beharko litzatekeela esan zuen. Ezker abertzalearen ordezkaritza legeztatzea eskatzearekin batera, ETAri eta estatuari biolentzia guztiak utzi eta elkarrizketa hasteko eskatu zien. Nazioarteko komunitatearen inplikazioa ere eskatu zuen Bilduk. Bake bidean talde guztiek egin dezaketena aztertzeko gonbitea egin zuen. NaBaiAsun Fernandez de Garaialdek PPk Altsasuko Udalean duen jarrera salatu zuen. "ez du batzordeetan lan egiten eta egiten duen bakarra oihartzun mediatikoa lortzeko mozioa aurkeztea da". NaBaiko zinegotziak azaldu zuenez, haien asmoa zen PPk mozioa erretiratzea eta udal talde guztien artean testu bat adostea. NaBaik ez zuen bere proposamena bozkatzeko aurkeztu eta PPk bereari eutsi zion. Fdz de Garaialdek esan zuen ez zuela onartuko zalantzan jartzea bere taldea herriaren normalizazio politikoaren alde egiten ari den lana. Horretarako bide orria Gernikako Akordioa bere osotasunean betetzea da. NaBaik gogora ekarri zuen ETAri eskatu izan diotela bere jarduera behin betiko uzteko, hori delako bere ekarpena. Estatuari eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko, eta salbuespenezko legeak baztertzeko eskatu izan diotela ere nabarmendu zuen Fdz de Garaialdek. NaBaik biktima guztien errekonozimendua eta erreparazioa eta presoendako konponbidea eta errespetua eskatu du. Mehatxu, jazarpen eta gorroto mota guztiak gainditu beharra dagoela dio NaBaik, "elkarbizitzak oinarri sendoak izan ditzan"., NaBaik beti bide baketsu eta demokratikoen bidez pertsona, proiektu eta ideia guztiak defendatzeko aukera defendatu dutela nabarmendu zuen. IUEzker Batuko zinegotzi Arturo Carreñok PPren idatziari gehitzeko mozioa aurkeztu zuen, urgentziako tramitearen bidez. Testuak ETAren indarkeria terrorista gaitzestearekin batera, erakunde baldintzarik gabe desegitea eskatzen zuen. Aldi berean, indarkeria politiko guztia gaitzestearen alde egiten zuen IUren mozioak (ETA, GAL, paramilitarrena, frankismoa). Azkenik, giza eskubide guztien urraketa salatu zuen, bai tortura, bai polizia abusuak, kale borroka eta beste...IUren mozioak bere boza besterik ez zuen jaso. NaBai, PSN, UPN eta PPk kontra bozkatu zuten eta Bilduk ez zuen parte hartu. Carreñok azaldu zuen haiendako garrantzitsua dela ETAren aurrean udalaren batasuna mantentzea. PPren jarrerak batasun horren kontra egiten zuela nabarmendu zuen. NaBaik bezala, IUN-NEBk ere PPri mozioa erretiratu eta udaleko Bozeramaleen Batzordeak testu bat eztabaidatu eta adosteko eskatu zuen.PSNMari Jose Notariok gogora ekarri zuen haiek beti kondenatu eta kondenatuko dutela frankismoa eta bere hilketak, GAL eta giza eskubideen urraketak. Horregatik ez zuen babestu IUN-NEBak aurkeztutako mozioa. Notariok esan zuen PPk aurkeztutako mozioa "argia" zela eta, horregatik, eman zuten baiezkoa. "Baiezkoa ez ematea iritzia ematetik alde egitea da", Notarioren iritziz. Atzokoan, publikoaren artean Nafarroako PPko idazkari Eloy Villanueva, Pablo Zalba euro-parlamentarioa eta popular nafarren buru Jose Ignacio Palacios izan ziren.